Azkoitiak XXXIX. Bizenta Mogel ipuin lehiaketaren sariak banatu ditu

Lehen saria Ainara Urangak eskuratu du, bigarrena Marta Alberdik eta hirugarrena Juan Ramon Alberdik

14.02.2021 | 00:13
Antolatzaileak eta irabazleak sariak banatzeko ekitaldian. Argazkia: N.G.

Azkoitia – Pandemiak eragindako egoerak baldintzatuta baina Azkoitiko Kultur Elkarteak eta Udalak elkarlanean antolatutako XXXIX. Bizenta Mogel ipuin lehiaketaren sariak banatu zituzten joan den ostiralean euskal literaturaren usaina hartu zuen udaletxean.

Aurtengo lehiaketaren lehen saria (guztira 34 lan aurkeztu ziren deialdira) Ainara Urangak "bihotzez idatzitako" Marinela ipuinarentzat izan zen eta egileak Udane Juaristi artista azkoitiarraren margolana jaso zuen Javier Zubizarreta alkatearen eskutik.

Lehiaketaren bigarren saria Marta Alberdiren Isiltasunaren oroimena lanarentzat izan zen eta hirugarrena azken urteotan sarituen artean hainbat aldiz agertu den Juan Ramon Alberdiren Gurpil kontua ipuinarentzat.

Sariak banatzeko ekitaldian epaimahaiak aurtengo deialdira aurkeztutako lanen maila nabarmendu nahi izan zuen. Epaimahaiko kideen esanetan, "ozen aldarrika dezakegu euskara oparoan ehundutako ipuin sorta zinez interesgarriak aurkitu ditugula".

Alkateak, berriz, herritar guztiak Bizenta Mogel lehiaketan saritutako ipuinak irakurtzera animatu zituen, "istorio on bat irakurtzearen plazerra deskubritzeko aukera ematen dutelako".

Aurtengoan Udalak lehiaketaren 2015etik 2018ra arteko edizioetan saritutako lanekin osatutako liburua kaleratu du eta interesatuek Aizkibel Liburutegian jaso dezake horren ale bat.