“Karnabalik ospatzeko baldintzarik ez dago herrian”

Prebentzio neurriak bete daitezen elkarlanean aritzeko konpromisoa hartu dute ostalariek eta Udalak

12.02.2021 | 00:44

Azpeitia – Ohiko egoera batean karnabalak ospatuko ziren asteburu honetan Azpeitian baina pandemiak eragindako egoera ikusita "aurten ez da karnabalik ospatzeko baldintzarik herrian", azpimarratu zuten Udalaren eta ostalarien ordezkariek atzo egindako bileraren ostean.

Batzar horretan, Udalak eta ostalariek asteburuan zehar "prebentzio neurriak betetzeko elkarlanean aritzea" adostu zuten. Hala, ostalariek beren negozioetan neurriak zorrotz betearaziko dituztela adierazi zuten sektoreko ordezkariek eta Udalak baliabide publikoak indartuko ditu "arauak bete daitezen". Horretarako, udaltzaingoa arituko da ostalariei laguntza eskaintzen.

Udalaren eta ostalarien ordezkarien hitzetan, "festarik ez da izango asteburu hontan herrian baina kalean, tabernan eta jatetxeetan elkartzen diren herritarrek prebentzio neurriak bete ditzaten egingo dugu lan".