- Nahiz eta Sanagustin kulturguneak 2010eko abenduaren 11n ireki zituen ateak Azpeitiko erdigunean, ez zen guztiz osatu hurrengo urteko uztailaren 22an ostalaritza zerbitzua martxan jarri eta, halaber, haren kudeaketa Sanagustin Kulturgunea kooperatiba elkartearen esku geratu zen arte.

Hala, joan den abenduaren 11n hamar urte bete ziren Sanagustin kulturguneak bere ateak ireki zituenetik. Ordutik, kulturzaleen egarria asetu duten ehunka kontzertu, hi- tzaldi, jaialdi, antzezlan eta era guztietako ikuskizunak taularatu dira udaletxeko eraikinaren behekaldean kokatuta dagoen ekipamenduan.

Ikusitakoa ikusita, zalantzarik ez da Sanagustin kulturguneak Azpeitiko eta Euskal Herri osoko kultur sortzaile eta eragileren plaza emankorra izan dela bere bizitzaren aurreneko hamarkadan.

Hala ere, Azpeitiko kulturgintza osatzen duten eragileek kulturgunearen hamargarren urteurrena baliatu nahi izan dute ekipamenduak egin duen ibilbideaz hausnartu eta haren etorkizunerako begirada finkatzeko. Horretarako Kultur Mahaiak, Kulturaz kooperatibak, udalbatzarrean ordezkatuta dauden bi udal taldeek eta norbanako batzuek “interesa duten herritar guztien partaidetzari irekita dagoen” herri batzordea eratu berri dute, beti ere, kulturgunearen sorreran egin zen bezala “berriz ere herritarren nahia izan dadin iparrorratz hamargarren urteurren hau ospatzean”, azaldu dute Kulturaz kooperatibatik.

Herri batzordeko kideek azaldu dutenez, “garai berriak ate joka ditugu, eta kultur bizimodu dinamiko batez gozatzeko aukera dugun arren, hamargarren urteurreneko egitaraua helburu hezitzaile eta integratzaile batekin ere ondu nahiko genuke”.

Beraien ustetan “kultur komunitatearen ardura da orain arte hosto ederrez atondurik izan den enborraren esentziari eustea, herritik herria kulturan heztea, haztea”. Orain dela pare bat aste herri batzordeak jakinarazi zuen ondo aztertuko zituela pandemiak eragindako egoera honek ematen dituen aukerak urtemuga ospatzeko ekintzak zehaztu aurretik eta antolatutako lehenak atzo bertan iragarri zituen.

Kulturgunearen hamargarren urteurreneko egitaraua abiatzeko “herritarrek Sanagustinen izandako bizipenak jasoko dituen mosaiko erraldoia” osatu nahi dute “udaberrian”. Horretarako “orain hasiko gara irudiak eskatzen”, aurreratu dute ekimen horren nondik norakoak “bihar bertan” jakinaraziko dituen herri ba-tzordetik.

Bestalde, Udaleko eta Kulturaz kooperatibako ordezkariek agerraldi berezia egingo dute “ziurrenik, datorren astean” Udalbatzarrak azken osoko bilkuran aho batez onartu duen bi erakunderen arteko lankidetza hitzarmenaren berri emateko. Horren bitartez, Kulturaz kooperatibak Sanagustin kulturgunea, Soreasu antzokia eta Dinamoa sormen gunea kudeatuko ditu 2024 urtera bitartean (beste lau urtez luzatzeko moduan).

Horretaz gain, hil honen bukaeran “Azpeitiko eta Euskal Herriko kultur sortzaileei egindako kulturguneko proiektuari buruzko bideo laburrak” argitaratzen hasiko dira eta udaberrian “nazio mailako” bi jardunaldi egingo dituzte. Horietako batean “kultur artikulazioaren gaia” jorratuko da; eta bestean, “herri ekimena eta kooperatibismoa”.

Azkenik, Dinamoa sormen gunearen irekiera ekitaldi ofiziala izango da ekainean.