2011ko uztailaren 22ra arte ez zen guztiz osatu anagustin kulturgunea, Azpeitiko kultur ekosistemaren fruitu-emaile aberatsa, nahiz eta 2010eko abenduaren 11n ireki zituen ateak. Izan ere, egun horretan kulturguneko ostalaritza zerbitzua jarri zen martxan eta, halaber, haren kudeaketa Sanagustin Kulturgunea kooperatiba elkartearen -gaurko Kulturaz kultur kooperatibaren- esku geratu zen.

Horrela bada, joan den abenduaren 11n hamar urte bete ziren Sanagustin kulturguneak bere ateak ireki zituenetik. Ordutik, herritarren kultur egarria asetu duten ehunka kontzertu, hitzaldi, jaialdi, antzezlan eta era guztietako ikuskizunak taularatu dira udaletxeko eraikinaren behekaldean kokatuta dagoen ekipamenduan.

Ikusitakoa ikusita, zalantzarik ez da Sanagustin kulturguneak Azpeitiko eta Euskal Herri osoko kultur sortzaile eta eragileren plaza emankorra izan dela bere bizitzaren aurreneko hamarkadan.

Hala ere, Azpeitiko kulturgintza osatzen duten eragileek kulturgunearen hamargarren urteurrena baliatu nahi izan dute ekipamenduak egin duen ibilbideaz hausnartu eta haren etorkizunerako begirada finkatzeko.

Horretarako Kultur Mahaiak, Kulturaz kooperatibak, udalbatzarrean ordezkatuta dauden bi udal taldeek eta norbanako batzuek “interesa duten herritar guztien partaidetzari irekita dagoen” herri batzordea eratu berri dute, beti ere, kulturgunearen sorreran egin zen bezala “berriz ere herritarren nahia izan dadin iparrorratz hamargarren urteurren hau ospatzean”, azaldu dute Kulturaz kooperatibatik.

Herri batzordeko kideek azaldu dutenez, “garai berriak ate joka ditugu, eta kultur bizimodu dinamiko batez gozatzeko aukera dugun arren, hamargarren urteurreneko egitaraua helburu hezitzaile eta integratzaile batekin ere ondu nahiko genuke”.

Beraien ustetan “kultur komunitatearen ardura da orain arte hosto ederrez atondurik izan den enborraren esentziari eustea, herritik herria kulturan heztea, haztea”.

Edonola ere, herri batzordeak ondo aztertuko ditu pandemiak eragindako egoera honek ematen dituen aukerak urtemuga ospatzeko ekintzak zehaztu eta iragarri aurretik. Hori bai, herritarrek ez dezatela zalantzarik izan: “Joango gara hamargarren urteurreneko ardatzen eta ekinbideen berri ematen”, aitortu dute.