Azpeitiko Udalak sei ikastaro berri antolatu ditu 2021eko urtarriletik ekainera bitartean Emakume Txokoan gauzatzeko. Horien helburua emakumeei beren burua eta bizitzaren jabe izateko tresnak eskaintzea izango da eta parte hartzeko interesa dutenek gaurtik hilaren 22ra bitartean dute izena emateko aukera. Horretarako nahikoa izango da Emakume Txokoak Goiko kale 12 helbidean duen bulegotik pasatzea, 943 157 055 edo 688 751 000 telefono zenbakietara dei-tzea edo emakumetxokoa@azpeitia.eus helbidera mezua bidaltzea (haurtzaindegi zerbitzua egongo da eta behar duenak, izen ematean zehaztu beharko du).

Idoia Arrizabalaga, Parekidetasun zinegotziaren hitzetan, Jabetze Eskolen helburua, “emakumeei beren burua eta bizitzaren jabe izateko tresnak eskaintzea” da. Hala, eskola “maila pertsonalean eta kolektiboan indartu, elkarrekin ikasi, errealitateari ikuspegi feminista batetik begiratu eta gure parte-hartze soziopolitikoa handitzen lagunduko digun topagunea da”.

Labirintoan barrena, Norbera zaintzen eta maitatzen ikasten, Irakurle eskola feminista, Amatasun bizigarria, Norberaren zain-tza umoretik eta Zure smartphonea ezagutzen dira Jabetze Eskolen baitan antolatutako ikastaro berriak.

Edonola ere, Jabetze Eskolako ikastaroez gain, ikastaro eta zerbitzu publiko iraunkorrak eskaintzen ditu Emakume Txokoak. Hala, emakume haurdunentzat tailerra eta empalabramiento formakuntza eskaintzen jarraituko dute datozen hilabeteotan ere. Horretaz gain, ikasturte hasieran abian jarritako Neska* gazteen txokoak ere bere dinamikari jarraipena emango dio.

Zerbitzuei dagokionez, gizon eta emakumeek sexu eta bikote zailtasunei irtenbidea emateko plax sexu aholkularitza eta emakume guztiek informazio eta orientazio juridiko espezializatua izateko eskubidea bermatzeko aholkularitza juridikoa ere eskaintzen dira. Bi zerbitzu horien inguruko informazioa jaso edo zerbitzua erabiltzeko hitzordua hartu behar da Emakume Txokoan.