- Haurrentzako ekintza guztiak neurri bereziak hartuta eta herrian bertan egin behar izan dira aurten Azpeitian. Horregatik, aurtengoan umeek garai honetan ohikoak izaten diren txangoekin disfrutatzeko aukerarik ez dute izan Gabonetako egitarauan.

Hala eta guztiz ere, Azpeitiko Udalak “oso positiboki” baloratu ditu atzo bertan bukatu ziren ekintzak.

Udaletik jakinarazi dutenez, “160 haurrek hartu dute parte Azpeitiko ekintzetan; eta beste 22 Urrestillakoetan”. Ekintzak aurrera ateratzeko, berriz, 30 laguneko lantaldea izan da buru belarri lanean.

Aurten bost laguneko talde txikietan egin behar izan dituzte ekintza guztiak, baina hala ere, Udalak “oso balorazio positiboa” egiten du: “Nerabeentzat ere Gaztelekua irekita izan da eta hezitzaile eta gazteek hala adostuta, tailer ezberdinak egin dituzte eguerdietan”.

Pandemiak baldintzatutako Gabonetako egitaraua amaituta, Gazteria zerbitzuak itxita izango dira urtarrilaren 7a bitartean.

Atzokoan haurrak agurtzera herriko ikastetxeetara gerturatu ondoren, Olentzero eta Mari Domingi gaur eguerdian ziren herriko haurrekin elkartzekoak baina bizi dugun egoera ikusita, ongietorria antolatzen duten ikastetxe eta kultur eragileek Plaza Nagusira ez etortzea adostu dute.

Hala eta guztiz ere, gaurkoan Olentzero eta Mari Domingi Azpeitiko kaleetan zehar ikusteko aukerarik ez bada izango ere, Udalaren bidez herriko haurrentzat mezu bat bidaltzekotan gelditu ziren eta mezu hori atzo bertan zabaldu zen youtuberen bitartez. Beraz, ukitu ezin badira ere, ikusi, entzun, sentitu eta sumatuko dira herrian.