- Orkatz kultur elkarteak Sortzaileen Azoka Herrikoia antolatu du datorren iganderako Azpeitiko berdura plazan. Azoka 11.00etatik 14.00etara eta 16.30etik 19.30era bitartean egingo da eta bertan herriko eta gertuko hainbat sortzaile, artisau eta ekoizle txikiren postuak izango dira.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, hilaren 20rako antolatutako Sortzaileen Azoka Herrikoiaren helburua "herriko sortzaileen lanak ezagutaraztea eta horiek erosteko aukera ematea" da.

Dagoeneko Orkatz (arropa eta abar), Hala (irudia), Txakur Gorria (irudia eta hitza), Biziki (arropa), Killari (makramea), Erika Olaizola (Panpina liburuarekin), Endredamakina (osagarri birziklatuak), Marrak (irudia-serigrafia), Pitxibitxi (zilarrezko bitxiak), Keizpe Studio (serigrafia-ilustrazioa), Itxasoren panpintxoak (kakorratz lanak), Oihele (arropa) eta Emili (arropa egokitua) sortzaileek baieztatu dute beren partaidetza igandeko azoka berrian.