- Eguzki talde ekologistak Altzibarren zaborra Urola Ibaira bota izana salatu du eta horren aurrean "kontrol-lanak" egiteko eskaera luzatu dio Azkoitiko Udalari.

Taldekoek azaldu dutenez, "Altzibar auzoko 7. zenbakian fatxada birgaitzen ari dira eta, beste behin ere, Urola ibaian, ingurumenaren aurkako beste eraso bat salatu behar dugu".

Eguzkiko kideen esanetan, obra hori aurrera eramateko "ez da inolako babes-neurririk edo sarerik jarri, eta fatxadaren birgaitzean sortzen diren hondakinak, langileek sortzen dituztenak kasu, ibaira iristen dira".

Araudia "beti betetzen ez dela ikusita", honako eskaera luzatu dio taldeak Udalari: "Enpresari eska diezaiotela bere zaborrak berehala jaso ditzala eta beharrezko babes-neurriak jar ditzala berriro gerta ez dadin, eta, hala ez bada, zigor-espedientea ireki diezaiotela". Bere ustetan, "ibai edo erreka baten ondoan edozein obra baimendu ondoren, Udalak kontrol-lana egin beharko luke".