- Koronabirusak eragindako egoeraren ondorioz, aurten ezingo da Urola ibaiaren garbiketa egin Azpeitiko ikasle eta boluntarioen elkarlanena, azken urtetean egin ohi den bezala.

Hala ere, herria aldez alde (eta erdi-erditik) zatitzen duen Urola ibaiaren garrantziaz jakitun, Azpeitiko Udalak ibaiaren garbiketa sakona egitea erabaki du. Aitor Bereziartua Ingurumen zinegotziak azaldu duenez, "ibaia garbiago izateko lanketa egiten ari gara herritar talde batekin, eta Errezil eta Ibai-Ederren garbiketa sakona egitea ekintza egokia izan zitekeela iruditu zitzaigun".

Azpeitian Urola Ibaiarekin bat egiten duten bi erreka horien garbiketa Txukun lorazantza enpresaren bidez egingo da eta Udalak 15.543 euroko aurrekontua bideratuko du horretarako: "datozen egunetan hasiko dira garbiketa egiten". Hori bai, lanen martxa erabat lotuta dago eguraldiarekin. Izan ere, "euriarekin ibaiak gora egiten badu garbiketak gelditu egingo dira", gaineratu du Bereziartuak berak. Hala ere, Ibai-Eder eta Errezil errekak "hilaren bukaerarako" garbituta izatea aurrikusten da.