- Azpeitiko Emakumeen Txokoak ordutegi zabalagoa izango du hemendik aurrera (astelehenetik ostegunera 10.00etatik 13.00etara eta 16.00etatik 18.30era egongo da irekita eta ostiraletan 10.30etik 12.30era eta 16.00etatik 18.30era bitartean) eta emakumeen ahalduntzerako bi espazio berri (neska gazteen txokoa eta gune informala) estreinatuko ditu.

Edonola ere, Jabetze Eskola, ikastaroak, hitzaldiak, zine emanaldiak eta beste hainbat zerbitzu antolatu ditu Udalak Emakume Txokoan ikasturte berriari hasiera emateko.

Udazkenean bederatzi ikastaro eta beste sei ekintza izango dira (aste honetan banatuko da eskaintzaren inguruko informazioa postontzietara) eta parte hartzeko interesa dutenek hilaren 21etik urriaren 2ra bitartean izango dute izena emateko aukera ekipamenduan bertan, emakumetxokoa@azpeitia.eus helbidera idatziz edo 943 157 055 telefono zenbakira deituz.

Idoia Arrizabalaga Parekidetasun zinegotziak azaldu duenez, "egoera berezia bizi dugu, eta prebentzio neurri guztiak hartuta ekin diogu ikasturteari. Herritarrentzat leku segurua izan dadin beharrezko neurri guztiak hartuko ditugu Emakume Txokoan bertan eta antolatutako ekintza eta ikastaro guztietan".

Hala, ekintzetan kopuru mugatuak egongo dira eta sarrera-irteera orduetan moldaketa txikiak egon daitezke, "ikastaroen arteko partaideen kontaktua ahalik eta murritzena izateko".

Ikasturte berrirako Emakume Txokoan egokitutako bi gune berriei dagokionez, Arrizabalagak "emakumeen ahalduntzerako baliabide berriak" izango direla azpimarratu du. Neska gazteen txokoa herriko DBH3tik 18 urtera bitarteko neska orori zuzendutako espazio ahalduntzailea izango da. Bertan, "gazteen behar konkretuei zuzendutako ahalduntze ikastaroak emango dira; eta horrez gain, antolakuntzarako gune baten dinamizazioa eskainiko da".

Ahalduntze ikastaro horien bidez, "modu kolektiboan, neska bezala indibidualki bizi dituzten egoera desberdinen inguruko kontzientzia hartzea bultzatuko da". Besteak beste, autodefentsa feminista ikastaroa, maitasun erromantikoaren mitoak eta edertasun eredu eta lodi erresistentziak izango dira landuko diren gaiak. Era berean, matxismoari aurre egiteko hausnarketa guneak, talde kohesio eta ekimenak antolatuko dituzte gune horretan.

Gune informala, berriz, "liburutegi feminista, kontsultarako gunea, Emakumeen Txokoan izandako hi-tzaldien bilduma, ikus-entzunezkoen proiekzioak eta hausnarketarako espazio erosoa" izango da. Azken batean, "joan etorrian dabiltzan emakume horientzat guztientzat kohesio lekua izatea" du helburu.

Aipatutakoez gain, bertako erabiltzaileekin egiten den lanak "harreman administratiboa izateko sentsaziotik urruntzeko" helburua izango du. Horrela, "gune formal eta informalen banaketa izateak, egoera eta behar indibidualetara moldatzeko aukera eskainiko du, gertutasuna bermatuz". Azken batean, gune hau "emakumeak era informalagoan elkar ezagutzeko" sortu da.