- Hiru hilabete itxita egon eta gero, Zestoako Udal Kiroldegia datorren astelehenean irekiko da berriro ere baina bazkideek bakarrik izango dute ekipamendua erabiltzeko aukera, hitzordua hartuta.

Udalak jakinarazi duenez, hasierako fasean "astelehenetik ostiralera irekiko da kiroldegia, 8.30etik 20.00etara bitartean" eta ekipamendua erabiltzeko ordu-tarteak "aurrez ezarrita" egongo dira (goizekoak ordu eta erdikoak izango dira eta arratsaldekoak ordubetekoak): "erabilera tartea pasata, kiroldegiko ateak itxi egingo dira ordu erdiz, langileek espazioak desinfekta ditzaten eta garbiketarako ordu erdia igarota, hurrengo txandarako erreserba eginda daukatenak sartuko dira", azaldu dute.

Kiroldegia erabiltzeko orduak "adin tarteen arabera" emango dira. Hala, 8.30etik 10.00etara eta 14.30etik 15.30era arteko ordu tarteak 65 urtetik gorako herritarrentzako erreserbatuta egongo dira, beti ere, "kolektibo zaurgarriena izanda, gainontzeko erabiltzaileekin kontaktua ekiditeko".

Erabiltzaile bakoitzak egunean ordu tarte bat erreserbatu ahal izango du eta horretarako 943 147 942 telefonora dei egin edo kiroldegiko harrerako leihora hurbildu beharko da. Hori bai, "beranduenez, erreserbak bezperan egin ahal izango dira eta erabili nahi den aldi bakoitzerako egin beharko dira".