Igandeko Elegante Egunarekin Gipuzkoako dotoretasunaren herria bilakatu ondoren, azpeitiarrek horrenbeste maite duten karnabaletako astelehenean murgildu ziren atzokoan. Azken urteotan bezala, adin guztietako herritarren partaidetza handia izan zen jardunaldi osoan zehar eta azpeitiarrek mozorroak prestatzeko unean izugarrizko irudimena dutela erakutsi zuten berriro ere.

Hori eguerdian erdiguneko kaleak zeharkatu zituen desfilean nabarmendu zen. Bertan, oso ondo landuta zeuden era guztietako mozorroak ikusi ahal ziren, festa giroa protagonista nagusia izan zelarik.

Edonola ere, eguerdiko kalejira koloretsua ez zen atzokoan Azpeitian egon zen ekintza bakarra izan. Jardunaldia abiatzeko haurrentzako sokamuturra, zezentxoak eta poniak egon ziren eta desfilearen ondoren Kantu kolore taldearekin dantzaldia. Bazkari on batekin indarrak berreskuratu ondoren azpeitiarrak berriro atera ziren kalera. Arratsaldean txistulari taldeak eta Udal Musika Bandak girotutako sokamuturra, haur eta gazteentzako diskofesta eta txokolatada, Brincadeira, Musika Banda, Urolatarrak eta Los Paisai talderen kalejirak, dantzaldia edota tuntturroak izan ziren, ohitura denez, eguna mozorro lehiaketaren sari banaketarekin amaitzeko.