- Ibarrako Uzturpe Ikastolak hartu du Kilometroak 2022 antolatzeko ardura eta hainbat ekintza gauzatzen ari dira Irribarra leloarekin. Ikasturtean zehar, euskal kulturaren atal garrantzitsua den eskulturaren lanketa eta zabaltzeari tokia egiten ari dira ikastolan eta testuinguru honetan kokatzen da atzo zabaldu zen erakusketa.

Artea, euskara eta irribarrea kontzeptuak batuz sortu dute Irribartea erakusketa. Ibarrako Benito Izagirre kultur etxean bisita daiteke eta 40 euskal eskultoreen babesa jaso dute egitasmoan. Atzo hasi eta hamabost egunez ikusgai izango dira artelanak. Era berean, eskulturak salgai izango dira erakusketa gunean bertan edo web orrian.

Bestalde, Uzturpe Ikastolako ikasleekin erakusketara bisitaldiak eta eskulturen lanketa pedagogikoak ere egingo dira.

Erakusketarekin lotuta, ikasleek ere eskulturak sortuko dituzte ikasgelan, eta, horietako bat abiapuntutzat hartuz, euskal eskultore batek gauzatuko du. Aldi berean, Mikel Mendizabalen laguntzaz informazio pedagogikoa egingo da irakasleentzat. Bukatzeko, Tolosaldeko ikasleak gonbidatuko dituzte kultur etxeko erakusketa bisitatzera.

Urriaren 2an, Kilometroak 22 bukaerako ospakizun egunean, eskultura gune bat kokatzeko asmoa dute, haurrek eskultoreekin batera material desberdinak sentitu eta landu ditzaten elkarrekin.