- Indarkeria matxistaren aurkako koordinazio protokoloa du oinarri Ibarrako Udalaren kanpaina berriak, Ez zaude bakarrik, eta, besteak beste, herritarrak hezi nahi ditu balizko erasoen aurrean nola jokatu jakiteko eta irisgarriagoa izatea aipatu protokoloa. 1.800 pegatina banatuko dituzte datozen egunotan.

Dinamikak hainbat atal ditu; Ibarrako etxe eta lantegi guztietara helduko den gutuna, eta web orrialde berezitua. Eskutitzean bidaliko dira, batetik, kanpainako egitasmoetan parte hartzeko gonbidapena, eta, bestetik, pegatina, zeinak QR kode bat izango duen web orrialdera sar-tzeko. Web orrialdean denetariko edukia izango du erabiltzaileak: lehenik, lau bideo labur indarkeria fisikoen, psikologikoen eta sexualen aurrean nola jokatu behar den erakusteko; eta jarraian, gida bat non argitzen den zein baliabide eskaintzen diren herrian, eskualdean eta erkidegoan.

Agurtzane Arribillaga parekidetasun eta aniztasun zinegotziaren hi-tzetan, "herritarrak hezi nahi ditugu erasoen aurrean jarrera aktiboa har dezaten, eta ahal duten egokien lagun diezaioten erasoa jasan duenari". Ibarrako Udalak herriko identitate ezberdinak kontuan izan ditu eta bideoak euskaraz badira ere, bost hizkuntzatan izatea azpitituluak: gazteleraz, ingelesez, frantsesez, errumanieraz eta arabieraz.

Igor Zapirain alkateak goraipatu du parekidetasun sailak kanpaina diseinatzeko egindako lana. Bide beretik, nabarmendu du "tresna erabilgarria dela oso, eta onuragarria dela herritarrek eskura izatea".

Gaia lantzeko bi hitzaldi antolatu dituzte Nola jokatu bizilagun gisa genero-indarkeriako kasu batean izenburuarekin. Lehena (euskaraz) urtarrilaren 18an izango da, 19.00etan, eta bigarrena (gazteleraz), otsailaren 1ean, ordu berean. Biak plazako aterpean izango dira.