Conchi Uriarte nekazaritza-ingeniariak Anoeta herri-bideen inbentarioa osatu du proposamen batekin. Anoetako Udalak joan den martxoan jarri zuen abian prozesua, eta hainbat helburu zituen lanketak, horien artean, bide bakoitzari lege-izaera propioa aitortzea eta horien erabilera arautzea..

Pello Estanga alkateak nabarmendu du herriaren ondare baliotsua direla bideak: "Balio handiko kultur ondasuna dira herri-bideak, izan ere, horietatik joan izan dira herrira baserrietatik eta kanpoaldeko auzoetatik. Hori dela-eta, garrantzitsua izan da bide horiei ofizialtasuna aitortzea eta lege-izaera ematea".

Inbentarioak lege-balioa ematen die bide horiei, eta, besteak beste, arautu egiten du noren eskumena diren mantenu-lanak eta zein garraiobidek erabil ditzakeen. Guztira 20 herri-bide identifikatu ditu Uriartek inbentarioan eta hainbat informazio-iturri erabili ditu horretarako: lehenik, herritarren ahozko lekukotzak bildu ditu; ondoren, berriz, informazio hori dokumentu ofizialetan kontrastatu du, kasurako, eskrituretan, eta Anoetako Udalaren zein Gipuzkoako Foru Aldundiaren erregistroetan.

Behin-behineko proposamena urtarrilaren 3ra bitarte izango ikusgai da Anoetako udaletxean: astelehenetik ostiralera, 8.00etatik 13.00etara, hirugarren solairuko Ingurumen-bulegoan. Horrez gain, udala zuzenean jarri da harremanetan 40 lurjaberekin alegazioak aurkezteko aukera emateko. Uriarterekin hitzordua jartzeko aukera ere zabaldu du, horretarako ezinbestekoa da aurretik ordua har-tzea 943 651 200 telefonora deituz, edo ingurumena@anoeta.eus helbidera idatziz.