Tolosa | Bilduk gardentasuna eskatu dio udal gobernuari

30.06.2021 | 00:53

tolosa – Urte hasieran 27 milioi euroko udal gastua aurreikusi bazen ere, kreditu aldaketaren bidez urte bukaeran 35 milioietara igo zela jakitera eraman du Tolosako EH Bilduk. "Baina egiari zor, likidazioari erreparatuz, 23 milioi besterik ez dira erabili, hau da, urte hasieran aurreikusitakoa baino askoz ere gutxiago", gehitu zuen. Gauzak honela, behin betiko aurrekontuaren exekuzio maila %65ekoa izan da, hain zuzen.

Suspertu Tolosa plana ere aztertu zuen alderdiak, eta udal gobernuak hainbat neurri bultzatu arren, irakurketak "gazitik gozotik baino gehiago" joan behar zuela adierazi zuen. Izan ere, plan horretara bideratutako 1,3 milioi euroetatik, erdia baino gutxiago erabili da, eta "gizarte babesa, hiri ekonomia eta herri izaera babestu eta suspertzeko neurrien erdia ere ez da egikaritu".

Mikroenpresa eta autonomoen-tzako osatu zen dirulaguntzarako esaterako, 725.000 euroko partidatik, 113.730,44 euro soilik erabili direla jakinazi zuen, "%16a besterik ez, alegia".

Euren esanetan, udal gobernuak hainbatetan aipatu izan du ere inbertsio publikoa mantentzearen aldeko apustua egingo zuela, baina hori, ordea, "errealitatea baina oso bestelakoa izan da". Izan ere, behin betiko aurrekontuan 6.272.206,64 euroko inbertsioa egingo zela aurreikusita, 1.236.694,90 euro bakarrik erabili direla azaldu zuen, hau da, aurreikusitakoaren %20a baino gutxiago gastatuz.

noticias de noticiasdegipuzkoa