- Ekainaren 11n hasi eta uztailaren 21era bitartean guztira hamabi ekitaldi izango dira Alegiako hainbat lekutan, adin guztietako herritarrei zuzenduta.

Pandemia dela eta, egoera oso presente izan du antolakuntzak egitaraua eta kokalekuak aukeratzerakoan eta ekitaldi guztietan bermatuta egongo dira segurtasun eta osasun neurriak.

Horren harira, ekitaldietara joan edo parte hartu nahi dutenek aurrez erreserbatu beharko dituzte gonbidapenak Alegiako Udaleko webgunearen bidez edo telefonoz. Webgune bidez, agenda sailean dauden ekitaldi bakoitzean sartu eta bertan izango dituzte gonbidapena lortzeko galdetegirako lotura. Telefono bidez eskatzeko, berriz, kultur etxera deitu behar da, 943 654 698 telefono zenbakira, astelehenetik ostiralera 10.00etatik 14.00etarako ordutegian. Ekitaldi bakoitzak 100 laguneko edukiera izango du gehienez.

Ekainean zehar herritarrak sei ikuskizun eta jardueraz gozatu ahal izango dute, eta lehena, Sutarri dantza taldearen emanaldia izango da, ekainaren 11ean, 19.00etan Alegiako Eskolako patioan; bigarrena berriz, irakurle taldearen saioa ekainaren 17an, 18.00etan Kultur Etxean. Annie Ernaux idazle frantsesaren Emakume bat liburua da irakurgaia, Itziar de Blasek euskarara itzulia. Kale zinema ere egingo dute, non Agur Etxebeste filma proiektatuko da ekainaren 18an, 22.15etan Kalebeherako frontoian; Mugmus laborategiaren eskutik, Esku Harriak: Oteizaren (h)aria ikuskizuna egingo dute ekainaren 24an, 19.30etan, Kalebeherako frontoian; Eztanda Talde Feministak antolatuta, Diseinatu zure kamiseta feminista tailerra egingo dute ekainaren 28an, 16.00etan hasita, eskolako jolastokian; eta azkenik, Sarini Zirko taldeak Txoriak txori emanaldia eskainiko du ekainaren 29an, 19.00etan Kalebeherako frontoian.