- Aurreko urteetako parte-hartze dinamiketako hainbat hausnarketetan sakondu nahi du Berastegiko Udalak, eta ideia horietatik praktika eta aplikaziorako dinamika berriak burutu, herritarren parte-hartzea erdigunean jarrita. Parte-hartze hori hiru lerrotan gauzatuko du: artzaintza eta gazta kultura, bertako produktuak eta herriko ondarea balioan jartzea.

Udala 2019. urtean hasi zen komunikazio estrategiaren jarraipena da, hain zuzen. Herriaren parte-hartzetik, herri marka sortu baitzuten Berastegi, herri kuttuna lemarekin eta parte-hartzaileen hausnarketetan oinarritutako irudiarekin.

Jorratu nahi dituzten hiru lanketak bertako kultura, tokiko garapena eta identitatea dira. Lehen lanketari dagokionez, artzaintza indartsu egotearen garrantzia azpimarratu zuen Amaia Azkue alkateak: "Batetik, jateko produktuak sortzen direlako, eta bestetik, herria txukun mantentzea ahalbidetzen dutelako". Lanketa horren parte da Josu Ozaita antropologoak egin duen etnografia lana Berastegiko artzain eta gazta kulturaren inguruan.

Bigarren lanketaren asmoa produktore eta kontsumitzaileen sarea osatzea dela adierazi zuen Azkuek. Hortaz, ekainean zehar, herriko ekoizle zein eragileekin hausnarketa bilerak egingo dituzte, eta uztaila eta iraila artean, ekintza zehatzak garatzeko parte-hartze dinamikak abiatuko dituzte.

Azkenik, herriko ondarea landu nahi dute. Hain zuzen, ondare material eta immaterialaren katalogoa osatu nahi dute, txoko kuttunen mapa bat egin, balioa eman eta zaintzeko. Horretarako, Txoko Klik egitasmoa jarri dute martxan, herritarrentzat. Bertan, Ondare material zein immaterialei argazki bat atera beharko zaie.