- Kirol Astea maiatzak 19tik hasi zen eta atzo bukatu zen Larraulgo Udalak antolatuta. Larraulgo Gizarte Abentura taldeko gazteak antolakuntzan parte hartu dute. Kirol Asteari amaiera eman zioten atzo antolatu zuten krosarekin.

Adina kontuan izan da, parte har-tzaileak hiru taldetan banatu ziren eta herriaren barrena egin zuten lasterketa. Lehen txanda hiru eta bost urte bitarteko haurrena izan da. Ibilbide motzena izan bazuten ere, Larraulgo txikienek hiru itzuli egin behar izan zituzten. Bigarren taldea sei eta hamabi urte bitarteko gazteek osatu zuten. Haurrek baino ibilbide luzeagoa, bi itzulitan egin zuten. Helduen txanda izan zen azkena. Gazteen ibilbide bera, baina itzuli bakarra eman behar izan zioten herriari.

"Pentsatzen genuena baino jende gehiago etorri zen", guztira 18 herritarrek parte hartu zutela adierazi bai-tzuten Larraulgo Gizarte Abenturako kideak. Hortaz, oso balorazio positiboa egin zuten: "Goiza oso ondo joan zen, ez baigenuen kontrola galdu eta korrika egin zutenak ere emaitzarekin oso gustura geratu ziren". Hori dela eta, hurrengo urtean ere krosa antolatuko dutela aurreikusi zuten.

Bitarte horretan, urtean zehar hainbat ekintza antolatzen jarraituko dutela jakinarazi zuten, eta datorrena jada badu lekua eta hitzordua zehaztuta. Hain zuzen, ekainaren 13an mendi ibilbidea egingo dute Erniora, eta bertan parte hartzeko deia egin zuten.