- Hondakinen bilketa datuak eta ohiturak hobetzeko, eta azken aldian Tolosan antzemandako arazoei irtenbidea ematen saia-tzeko Birzikla dezagun gehiago eta hobeto kanpainaren balorazio positiboa egin zuten atzo.

Honen berri emateko, Tolosako etxebizitzetan guztira 8.000 esku-orri banatu zirela adierazi du Iñigo Muñoz, Ingurumen teknikariak: "Edukiontzi bakoitzera bota daitezkeen hondakinen sailkapena zein bilketari buruzko hainbat datu jaso dira horietan. Horrez gain, bi ingurumen hezitzaile kalean izan dira egunero bi astez, herrian zehar kokatuta dauden edukiontzi irletan".

Ingurumen hezitzaile hauen egiteko nagusia herritarrei informazioa eman eta kezkei erantzutea izan da. Tolosako komertzioetara ere egin dituzte bisitak, eta guztira 412 establezimendura -362 denda eta 47 taberna- hurbildu dira. "Kartoia birziklatzeko K puntuen inguruko informazioa eman zaie guztiei. Jasotako datuen arabera, 103 establezimenduk ez zuten K puntuen berri, baina gehiengoak adierazi du kartoia uzteko gune horiek erabiltzen hasiko dela", jakinarazi zuen Aiala Ezeizak, ingurumen hezitzaileak.

Gaur egun Tolosan hondakinen %70a bereizten da. Datu horiek hobetzeko asmoarekin, "2023 urterako gaikako bilketa tasa %75era igotzea" izango dela adierazi zuen Patxi Amantegi, Ingurumen zinego-tziak. Hori dela eta, helburu horretara iritsi ahal izateko, hainbat egitasmo eta ekintza egiten jarraituko du Tolosa Udalak.