- Anoetako herriko plaza berritzeko lanak martxoan hasiko dira eta besteak beste, gaur egungo plazaren eta futbol zelaiaren artean dagoen koska berdindu, irisgarritasuna hobetu, komunak berritu, materiala gordetzeko espazio bat egokitu eta plazaren alde batean estalpea jarriko da.

Guztira lau enpresak aurkeztu dute obra egiteko proposamena eta aukera egokiena hautatzeko prozedura jarraitzen ari da Anoetako Udala. Berritze obra bi fasetan egingo da: lehenengo, plazako irisgarritasuna hobetzeko lanak egingo dira. Martxoaren hasieran ekingo diote lanari eta lau edo bost hilabete iraungo ditu lehen faseak.

Bigarren fasean, berriz, plazarako estalki berdea egingo da. Aurreikuspena da obra lanak urte honen amaieran edo datorrenaren hasieran hastea; azken horiek hilabete inguru bakarrik iraungo dute.

Udalak obra egiteko 171.262,60 euroko diru-laguntza jaso du Eusko Jaurlaritzatik. Horren bitartez, gutxi gorabehera obraren herena ordainduko du; izan ere, kostu osoa 489.321,71 eurokoa da.

Herritarrek lanen nondik norakoak jakin eta azken emaitza irudika dezaten, obraren planoaren kartel informatibo bat ere jartzeko asmoa du Anoetako Udalak herriko plazan.