- Zortzi eremu bizitegi-eremu izendatu ditu Tolosako Udalak, Tolosa Badabil Mugikortasun Jasangarri eta Berdintasunerako Planean jasotako ekintzen barne oinezkoak erdigunean jartzeko.

"Martxan jarriko ditugun neurri eta proiektu guztiek oinezkoei ematea izango dute helburu, herriko joan etorrietan oinezko zein txirrinduen mugikortasuna errazteko eta motordun trafikoari espazioa irabazteko" esan du Patxi Amantegi Ingurumena zinegotziak.

Hala, zortzi eremu izendatu dira "bizitegi-eremu": San Ignazio kalea, Laskorain kalea, Pintor Lekuona, Paulo Rekondo kalea, Zumalakarregi kalea eta pasealekua, Samaniego kalea eta Emeterio Arrese. Eremu horietan guztietan S-28 seinaleak jarri dira herritarrek nola jokatu behar duten jakin dezaten. Izan ere, eremu horietan autoek ezingo dute 20km orduko abiadura gainditu eta gidariek beti eman beharko diete lehentasuna oinezkoei eta aparkatzeko eremuetan soilik utzi ahal izango da autoa. Era berean, "bizitegi-eremuetan" oinezkoek espazio guztia erabili ahal izango dute, errepidea eta guzti, hortaz, edozein tokitan gurutzatu ahal izango dute kalea eta baimenduta dago kale horietan kirola egitea edota jolastea, arrazoirik gabe autoei enbarazurik egin gabe. Azkenik, eremu horietan bizikleta eta patineteek bi noranzkoetan zirkulatu ahal izango dute, betiere aurkakorik dioen beste seinalerik ez badago.