- Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko egunaren bueltan, indarkeria matxistaren aurrean konpromiso kolektiboa eta indibiduala sustatu nahi dira, eta bide horretan sakontzeko antzerki saioa, erakusketak eta hitzaldiak antolatu dira Tolosan gaur hasi eta urtarrilaren 9ra bitarte.

Atzo Aranburu Jauregian egin zen aurkezpenean Olatz Peon alkateak esan zuen bizi dugun larrialdi egoerak modu zuzenean eragin duela indarkeria matxistan: "are eta ageriagoan utzi du indarkeria matxistari aurre egiten jarraitzeko beharra". Hala, indarkeria jasaten duten emakumeei laguntzera bideratutako zerbitzuak indartu egin ditu Tolosako Udalak, erakunde ezberdinekin elkarlanean.

Kontzientziazioa eta sentsibilizazioa izango dira aurtengo egitarauaren ardatzak eta horretarako azaroaren 29a bitarte Zerkausia morez argiztatuko da. Anttolatutako ekintzak gaur hasiko dira, 18.30ean, kultur etxean Birritan bortxatua antzezlanarekin. Fikziozko antzezlan honek errealitatean gertatutako hainbat bortxaketetan du oinarria.

Datorren astean jarraipena izango du egitarauak, izan ere urtarrilaren 9a bitarte Sorginak-Brujas erakusketa bisitatu ahal izango da Aranburu Jauregian. EmPoderArte AIMA irabazi-asmorik gabeko elkartearen proiektu honek XV. eta XVIII. mendeetako "sorgin ehizako" sarraskien inguruan hausnartzen du 51 emakume artisten lanen bitartez (zortzi Tolosaldekoak). Astelehenean, 19.00etan, irekiera eta bisita gidatua izango dira eta abenduaren 18an, 19.00etan, bisita gidatua elebitan.

Era berean, hitzaldiak eta tailerrak ere antolatu dira. Azaroak 23, azaroak 30 eta abenduak 14ean Emozioak sormenaren bidez kudeatzen saioak izango dira Leire Markinezekin. Zoom bidez bi hitzaldi ere iragarri dituzte: azaroaren 24an, 19.00etan, ¿Quién no cree en las brujas? eta abenduaren 1ean, 18.00etan, Experiencias colectivas frente a las violencias machistas. Urtero moduan, azaroaren 25ean elkarretaratzea deitu dute, 12.00etan, udaletxe aurrean Indarkeria sexistarik gabeko herri baten alde lelopean.

Zoom bidez egingo diren hitzaldietan zein Sorginak erakusketako bisita gidatuetan parte hartzeko izena eman behar da (berdintasuna@tolosa.eus / 943 670 383).