- Irailaren 26an Leidor aretoan egingo den Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan ekitaldianTolosaldean euskararen alde lanean aritu diren eragile, talde eta norbanako ugariren lana eta lorpenak aitortuko dira.

12.00etan hasiko da Galtzaundi Euskara Taldeak antolatutako saioa; musika, umorea eta bertsoak uztartuz, eskualdeko herrietako hainbat protagonisten testigantzak jasoko dira ekitaldian, beste hainbat sorpresarekin batera. Aldi berean, ate joka den Euskaraldiaren Tolosaldeko aurkezpena egiteko ere baliatuko da hitzordua, aurrera begira Tolosaldean euskararen normalizazioak dituen desafioak ere mahaigaineratuz.

Izan ere, aurten jakin da Tolosako kale neurketan jasotako datu historikoa: lehen aldiz gaztelania baino euskara gehiago entzun da Tolosako kaleetan. Galtzaundiko kideen hitzetan, "lorpen ikaragarria da Tolosakoa, hain zuzen lorpen kolektiboa baita, eskualdeko eragile, talde eta norbanako ugariren lanaren fruitua". Horregatik, beharrezkoa ikusi da emaitza horren parte izan direnen lana aitortu eta lorpenak ospatzea.

Bestalde, ekitaldiarekin batera irekiko da Euskaraldiaren izen-ematea norbanakoentzako. Irailaren 27ra arte aurtengo edizioko parte hartzaile berri diren entitateek izango dute Euskaraldian izena emateko aukera; orain arte, 100dik gora enpresa, talde zein elkartek eman dute izena eskualdean. Orain, entitateen ondoren, norbanakoen garaia iritsiko da, ahobizi edo belarriprest moduan Euskaraldian izena emateko ordua.

Ekitaldira sartzeko beharrezkoa izango da aurretik gonbidapenak eskuratzea. Horretarako Galtzaundi Euskara Taldearen egoitzan (Nafarroa etorbidea 6, Tolosa) eskuratu beharko dira gonbidapenak edota telefonoz zein e-postaz eskatuz (943 655 004 / galtzaundi@galtzaundi.eus.