- Bigarren aldiz Orereta ikastolak Gau Beltza ospatuko du igande ilunabarrean. Herritarrek parte hartzeko Kalabazaren Bidea ekimena proposatu du.

Partaideek, 19.30ean Santa Klaratik abiatu eta herriko hainbat kaletatik pasa ostean, ordubete ingururen buruan, Gamon Zumardian amaituko den sorpresaz betetako zirkuitu bat osatu beharko dute.

Gamon Zumardian, herriko hainbat eragilek euren emaldia egingo dute. Hori amaituta, beldurren eltzean izuak erreko dira eta suzko zezenarekin emango zaio bukaera festari, 20.30ak aldera.

Orereta ikastolak herritarrak bidean bertan parte hartzera animatu nahi ditu, ahal dela, mozorrotuta. Izan ere, Gau Beltzak herritik herriarentzat sortutako festa izan nahi du.

Orereta ikastolatik aditzera eman dutenez, "kalabazaren gurdiarekin, trikimako gaineko orekariekin, dan-tzan zein musikaz eta kriseilu nahiz lastargien argipean, mozorrotuta egingo da uzta garaia agurtu eta neguan sartzeko Kalabazaren Bidea".

Festan parte hartuko duten eta antolakuntzan lagunduko duten herriko eragileak Lau Haizetara elkartea, Amulleta tanbor-kofradia, Xenpelar AEK euskaltegia, Ereintza dantza-taldea, Urdaburu mendizale elkartea eta Aisiolako begiraleak izango dira.