Errenteria | Kultura programazio berezia egongo da udan

Udalak eta Jai Batzordeak atondu dute uztaila eta abuzturako egitaraua eta dagoeneko gonbidapenak eskuratu daitezke

06.07.2021 | 01:14
Jai Batzordeko eta Udaleko ordezkariak. Argazkia: Mendi Urruzuno

Errenteria – Aurten ere madalenak bertan behera uztea erabaki zuten Errenteriako Udalak eta Jai Batzordeak, baina pandemia gehiegi luza-tzen ari denez, uda honetan kultura sustatzen jarraitzeko eta kulturaz gozatzeko aukera eskaintzeko apustua egitea adostu dute.

Horregatik, lanean jarraitu dute. "Hainbat ekimen landu ditugu ilusioz Hau bizipoza! /¡Que viva la vida! lelopean iazko ekimenari jarraipena emanez", adierazi dute.

Izan ere, alde batetik madalenetako egunetan, hots, uztailaren 21etik 25era, sentimenduei lekua egin nahi izan diete ekintza sinboliko batzuen bidez. Bestetik, uztaila eta abuztuan zehar, herriko auzo ezberdinetara eramango dituzte herriko eta Jai Batzordean parte hartzen duten elkarteen ikuskizun eta jarduerak. Guztiaren berri emateko https://herribizia.errenteria.eus/haubizipoza2021/ web orria sortu dute.

Ekimen guztiak doakoak dira eta gonbidapenak dagoeneko eskuragarri daude Lekuona Fabrikan eta https://sarrerak.errenteria.eus/ helbide elektronikoan.

"Garai honetan ospakizunak halabeharrez xume egin behar ditugu eta jarduteko modua aldatu bada ere, argi dugu ez dela inola ere aldatu zer garen, zer egiten dugun eta zer sentitzen dugun", azpimarratu dute Jai Batzordetik.

"Guztiok maite ditugu madalenak, baina bizi izan dugun eta oraindik bizitzen ari garen egoera aintzat hartuta, osasun publikoaren mesedetan, elkar zaintza lehenetsi behar dugu. Topaketa sozial jendetsuak saihesten jarraitu behar dugu", gaineratu dute.

Baina, ikuspuntu baikorran indarra jarriz amaitu dute: "Aurten ezingo ditugu madalenak ospatu, baina datorren urtean guztiok jaiez gozatuko dugu berriz ere; aurtengoan jarrai dezagun jarrera arduratsuaz jokatzen eta elkar zainduz".

noticias de noticiasdegipuzkoa