- Iraultza dantza taldeak bigarren urtez jarraian ez du egingo San Juan bezperako Urdiaingo erritoa Errenteriako Herriko plazan. "Covid-a tarteko ez dugu uste nahikoa segurtasun dagoenik, elkarri eskuak emanda, lau lagun baino gehiago elkartu eta borobila osatzeko, ezinezkoa maskara jantzita kanta entzutea, eta honi guztiari gehitzen zaio plazara etor litekeen jendearen osasuna arriskuan jartzea distantzia errespetatu ezinagatik, edota aforoa mugatuz gero, herritar orori San Juan bezperan egoteko aukera kentzea", adierazi dute.

Hori bai, teknologia berriek lagunduta, ekainaren 23an, goizean goizetik, Iraultza dantza taldearen sare sozialetan (Facebook, Instagram eta Twitter) bideo berezia zabalduko da. 2019. urtean, hau da, azkenekoz Herriko plazan egindako Urdiaingo kantaian, abestutako abestia entzun ahala, 1994tik honako 68 argazki ikus ahalko dira. Horietan, urtetan Urdiaingo kantaiaren parte izan diren emakumeen aurpegia ikusiko da. Inoiz erakutsi ez diren irudiak, jantzia zein zapia jartzen den unea, azken entseguetako talde argazkiak, Herriko plazako kantaia zein hasierako urtetako Gaztañoko su ondoko erritua.

Bideoa 25 urtetan zehar Iraultza Dantza Taldearekin bat San Juan bezperan parte hartu duten emakumezkoei egindako omenaldi berezia da.