- Errenteriako Udalak Familia Ludoteka Kalean egitasmoa antolatu du. Herriko familia guztiei zuzendutako jarduera, Udaberriko Oporrak programaren barruan kokatzen da.

Doakoa den ekintza hau apirilaren 7an eta 9an izango da Koldo Mitxelena ikastetxeko patioan. Bi txanda izango dira, lehenengoa 16.30etik 17.30era eta bigarrena 17.45etik 18.45era.

Han bertan mugimendu jolas ezberdinak (punteriazkoak, paraxuta, orekazkoak€), kooperazio jolasak eta eskulanak (etxean zein kalean jolasteko mahai jolasak eta animali zintzilikailuak) eskuragarri izango dituzte familiek.

Familia Ludotekan Kalean egitasmoan parte hartzeko, aldez aurretik gonbidapena eskuratu behar da BIBE.ME plataforman. Pertsona bakoitzak gehienez bost gonbidapen eskuratu dezake eta dagoeneko izen-ematea zabalik da.

Ezinbestekoa izango da haurrak heldu batekin egotea (gehienez heldu bakoitza hiru haurrez arduratuko da), eta pertsona bakoitzak bere gonbidapena hartu behar badu ere, familia burbuila gisa hartuko da kontuan.

Bestalde, Aste Santuko opor garaian ludoteketan (apirilaren 7an eta 9an izan ezik) eta gaztelekuetan jarduera bereziak egingo dira, egungo burbuila taldeak mantenduz.

Ekintza hauen inguruan informazio gehiago eskuratu nahi izanez gero, gazteria@errenteria.eus helbidera idatzi, gazteria.errenteria.eus orrialdea ikusi edo 943 449 606 telefonora deitu daiteke.