- Hilabete honetan Iber3 proiektua abian jarri du Oarsoaldeko Eskola Kirolak haurrek eta familiek jarduera aktiboak egiten jarrai ditzaten, EskolaFit egitasmoaren osagarri gisa eta 11 ikastetxe 11 tontor ekimenaren ildotik. Ingurune hurbila, paisaia, herri ondarea eta horien historia ezagutzea da helburua.

Horretarako, Oarsoaldea bailarako herri bakoitzerako ibilaldi neurtu eta interaktiboak eta orientazio ibilbideak diseinatu dira. Ekintza honek covid-19aren ondorioz dauden mugak eta aukerak errespeta-tzen ditu.

Egitasmo honetako askotariko jarduerak eskuragarri jarriko dira, ikastetxeen bitartez, nahiz www.oarsoaldekoeskolakirola.eus web orriaren bitartez. Bertan ere, ibilaldi hauen zehaztasunak azalduko dira eta beharrezko materiala eskuragarri jarriko da.

Konkretuki, ibilaldi neurtuak herrian zehar edo landa edo mendi ingurunean zehar diseinatutako ibilbide jakin batean, puntu batetik bestera eta, orokorrean, zehaztutako erritmoan, oinez, korrika edo bizikletan osatu beharreko ibilaldiak izango dira.

Ibilaldi interaktiboak zirkuitu jakin batean, inguruarekiko informazioa eskuratu edo harekin elkarreraginez galdetegi bat osatzean oinarrituko dira.

Azkenik, orientazio ibilbideak mapan zenbakiz adierazitako puntuak dokumentu berean azaltzen diren hizkidun argazki edo irudiekin zuzen erlazionatzean oinarritzen dira. Mapa eta irudiak fitxa batzuen bitartez zabalduko dira.

Jarduerak zuzen edo era egokian burutu diren jakiteko ibilaldi neurtu eta orientazio ibilbideetan jasotako emaitzak norberaren ikastetxeetako Eskola Kirolako koordinatzaileari iritsarazi beharko zaizkio. Ibilaldi interaktiboetan ordea, galdetegiak erantzun besterik ez dira egin beharko, bertako informazioa zuzenean iritsiko baitzaio koordinatzaileari.

Hiru jarduera edo ekintza hauek bilduko dituen ekimen hau aukera paregabea izango da familian aktibo mantentzeko.