- Alaia Gaztelumendik zuzentzen duen Alaiart estudioak diseinatutako mosaiko-mural bat gauzako da material birziklatua erabiliz martxoan zehar, Oiartzungo Altzibar auzoko bidegorriko komunetako paretetan. Ekimen honek Oiartzungo Udalaren babesa eta Abaraxka ludotekaren laguntza ditu.

“Proiektuaren bitartez herriaren parte-hartzea, eguneroko materialen berrerabilpena, naturaren zaintza, estereotipoen apurketa eta sormena sustatuko dira”, azpimarratu dute antolatzaileek.

Hori dela eta, proiektuaren parte izateko, herritarrei materiala biltzen laguntzeko eskatu nahi zaie. Martxoaren 19rako beharko den materiala ondorengoa da: azulejo zaharrak, plastikozko ontzien tapak eta txapak eta errekako harri borobilduek ere balio dezakete. Bilketa herriko ikastetxeetan eta Abaraxka ludotekan egingo da.

Bestetik, murala burutzeak hilabete inguruko iraupena izango duenez (martxoko lehen astetatik Aste Santu bukaera arte) sormen prozesua bisitatzeko aukera ere izango da. Euria egiten ez duenetan, printzipioz, goizero ariko da data horietan Alaiart murala osa-tzen eta bisitak jasotzeko prest.

Gainera, Aste Santuan zehar Abaraxka ludotekak zazpi eta hamabi urte bitarteko haurrentzat Arte Mural lantegiak antolatuko ditu haiek ere prozesuan parte har dezaten. Lantegirako arropa zaharra ekartzea gomendatzen da.

Azkenik, sustatzaileek adierazi dute pandemia garai hauetan bereziki garrantzitsua iruditzen zaiela herria koloreztatzea, naturaren zaintza sustatzea eta herriari zabalik egongo den ekintza sor-tzaile bat eskaintzea. Oiartzun herri eredugarri izateko bidean prozesuaren dokumentazioa egingo da, landuko diren baloreak zabaldu daitezen. Izen-ematearen berri aurrerago emango da.