- Egoera klimatikoarekin kezkaturik dauden Oarsoaldeko hainbat taldek, , kontzentrazioak antolatu dituzte Errenterian, Lezon eta Oiartzunen bihar , guztiak 13.00etan. U-30 Aldaketaldia Ondo bizi eta bizitzen uzteko kanpainaren barruan antolatuta dauden deialdiok.

Errenterian Gamon Zumardian bilduko dira; Lezon, Gurutze Santuaren plazan; eta Oiartzunen, Doneztebe plazan, azkeneko honetan Zaldibar gogoratuz urteurrena lelopean.

Izan ere, antolatzaileek gogoratu zutenez astearte arratsaldean egindako agerraldian, “gogoan izan behar da Zaldibarko zabortegia eraitsi zeneko urteurrena dela, eta, ondorioz, Alberto eta Joaquin hil zirela, horietako bat, Joaquin, zabortegiko hondakinen azpian desagertuta jarraitzen duelarik”.

Elkarretaratze hauekin aldaketa klimatikoa eta bere ondorioak ahalik eta gehien murrizteko neurri zorrotzagoak ipintzeko eskatu nahi dizkiete erakundeei. “Argi dago neurri horiek egungo eredu ekonomikoa zalantzan jartzen dutela eta sistema kapitalistak bere aurkakotasun handiena erakusten duela”, esan zuten. “Erronka zaila da, baina aurre egiten ez badiogu, arriskuan jartzen dugu gure espeziearen existentzia”, gaineratu zuten.

Otsailaren 4an liburu baten aurkezpena burutuko da. Ahoztar Zelaieta idazleak Zaldibar Zona Cero liburuaren nondik-norakoak azalduko ditu Oiartzungo udaletxeko batzar aretoan 19.00etan.