- Jostailu anitzak, ez sexistak eta jarrera bortitzak (jostailu belikoak) bultzatzen ez dituztenak aukeratzeko irizpideak lantzeko asmoz, Jolasa, balioen solasa dekalogoa argitaratu dute Oarsoaldeko lau Udalek. Berdintasuna, errespetua, lankidetza eta talde-lana moduko balioak eta jokabideak indartu nahi dituzte, hain zuzen.

Beste alde batetik, Oarsoaldeko Euskara Batzordeak zero urtetik hamasei urtera bitarteko haur eta gazteentzako Euskarazko Produktuen Katalogoaren berri eman nahi du. Musika, informatika, filmak, liburuak, aldizkariak, jostailuak, jokoak eta web helbideak biltzen ditu katalogo honek, aisialdirako produktuen artean euskaraz daudenak nabarmendu nahian. “Izan ere, gero eta gehiago gara gure aisialdia, ikasketak edo bizitza euskaraz egin nahi dugunak eta euskarazko eskaintzak bilatu eta baliatzen ditugunak”, adierazi dute.

Horixe da bada, argitaratu den katalogo honen helburua, guraso jendeari haurrentzako euskarazko produktuak eta gazteei euren gustuko euskarazko produktuak aukeratzen eta bilatzen laguntzea.

Katalogo hau Euskal Herriko beste hainbat Udalekin batera atera dute eta ikastetxeen bidez banatu zaie papereko formatuan Oiartzungo eta Pasaiako HHko ikasle guztiei, LHko 1. mailako ikasleei eta DBHko 1. mailako ikasleei, etxera eraman dezaten. Eskualdeko ikasle guztiei formatu digitalean bidali zaie katalogoa (online kontsultatzeko informazioa: www.katalogoa.eus).

Izan ere, gogorazi dutenez, normalean bi proposamenak eskoletan banatzen baziren ere, aurtengo errealitatea berezia izan da eta beste medio batzuetatik bi mezuak iristeko lanketa egin dute. Dekalogoa, esaterako, Errenteriako Herri Bizia webgunean ikus daiteke.

Hortaz, Oarsoaldeko Udalek eta agentziak garai honetan opariak erosterakoan herritarrak Jolasa, balioen solasa dekalogoa zein Euskarazko Produktuen Katalogoa kontutan izateko gonbidatu nahi dituzte.

“Neguko oporrak ulertzeko eta bizitzeko mila ikuspegi dauden moduan, beste hainbeste bide daude jolaserako egiten ditugun hautuetan” azpimarratu dute. “Garai hauetan, garrantzitsua iruditzen zaigu jolasaren garrantziaz jabetuta, hainbat irizpide kontuan izatea. Ez soilik jostailuak erosteko, baita jolasari behar duen garrantzia emateko eta horrek eskaintzen dizkigun aukera anitzez jabetzeko ere. Izan ere, jolasak esanahi berezia hartzen du haurra pertsona sozial gisa hazteko eta hezteko garaian”, esan dute.