- Koronabirusaren egoeak baldintzatuta, eskualdean erosi eta disfrutatu daitezkeen opariak egiteko garaia dela adierazi du Oarsoaldea garapen agentziak. “Horrela, bertako kon-tsumoa sustatzen lagunduko duzu” gaineratu du.

“Gure eskualdeko baliabideak konbinatuz opari borobilak sor ditzakegu, egoerak hobera egitean gozatu ahal izateko: ostatuak, museoak, esperientziak, gastronomia…”, adi-tzera eman dute agentziatik.

Adibidez, eskualdeko museoen bono bat oparitu daiteke urtebeteko epean Arditurri, Luberri, Soinuenea, Jantziaren Zentroa, Mater Ontzi Museoa eta Albaola Itsas Kultur Faktoria bisitatzeko. Bono hau Errenteriako turismo bulegoan edo horietako museo bakoitzean eskura daiteke 12,50 euroren truke. “Aiako Harria Parke Naturalean hasi eta Pasaiako badiaraino, lurraren eta itsasoaren doinuan dantzan ibili gaitezke eskualde honetako altxor preziatuenak ezagutuz”, esan dute.

Bestalde, aisialdi jarduerak ere egin daitezke. “Aisialdiaz gozatzeko modu ezberdin eta ugari aurkituko dituzu gure eskualdean. Hala nola, piragua eta paddle surf alokairua, urpekaritza, zaldian ibilaldiak, spa zerbitzua, belaontzi klasiko batean nabigatzea...”, gogorarazi dute.

Azkenik, aipatutako proposamenak borobiltzeko aukera ugari daude eskualdean: jatetxe batean otordua eta, zergatik ez, eskualdean ostatu hartzea.

Oarsoaldean gustu guztietara egokitzen diren jatetxeak daude. “Opari honekin erraza da asmatzea, irrikitan baikaude berriz jatetxeetako plazer gastronomikoez gozatzeko”, animatu dute agentziatik.

Gainera, eskualdean mota guztietako ostatuak aurkitzen dira, hotel modernoetatik hasi eta naturaz inguraturik aurkitzen diren landetxe tradizionaletaraino. “Gainera, gure herrietan gauzak mimoz eta ondo egitea gustuko dugu, hau dela eta, gure ostatuen zerbitzuen kalitatea ezin hobea da, kalitate-prezio erlazio bikainarekin”, ziurtatu dute.

Informazio gehiago behar izanez gero, Oarsoaldea garapen agentziaren webgunea ikus daiteke (oarsoaldea.eus).