- Oiartzungo Udalean ordezkaritza duten bi alderdi politikoak (EH Bildu eta EAJ) sustatzen ari diren elkarlanaren eta kontsentsuaren bidean urrats berri bat eman dute. "Etorkizuneko bizikidetza eraikitze aldera, iraganari begiratu beharra dugula jabetzen gara, giza eskubideen urraketa guztiak azaleratu eta bizikidetzan oinarri sendoak jartzeko, gertatutakoa berriz ez dadin errepikatu", azaldu zuen atzoko agerraldian Jexux Leonet alkateak.

Gauzak horrela, 1936tik gaur arte Oiartzunen izan diren giza eskubideen urraketa guztiak, alde batekoak zein bestekoak, mota batekoak zein bestekoak, ikertuko dira datozen lau urteetan, Udalak eta Aranzadi zientzia elkarteak sinatu duten hitzarmenari esker.

Azken urteetan Kattin Txiki elkarteak 36ko Gerran eta gerra ondorenean herrian izandakoa jaso eta erreparatzeko hasitako bideari jarraipena emango dio lan honek. Bide batez, Kattin Txikik orain arte egin duen lana aitortu eta eskertu nahi izan zuen alkateak.

Aranzadiko Javier Buces ikertzaileak zehaztu zuenez, bi esparru aztertuko dira: memoria historikoa eta gertuko memoria. Lehenengo garaian, 1936-1959 artean gertatutakoa ikertuko da, 36ko Gerraren eta diktadura frankistaren lehenengo bi hamarkadetako biktimak azalera-tzeko asmoz. Bigarren epealdia 1960tik gaur egun artekoa izango da, "garai politiko ezberdinetan gertatutako giza eskubideen urraketak biltzeko: diktadura, trantsizioa eta demokrazia".

Bi ikerketak aldi berean gauzatuko dira. Horretarako, hainbat artxibotan ikertuko du Aranzadik. Hala ere, memoria historikoaren gaiari dagokionez, lana oso aurreratua dago Oiartzunen, Kattin Txikiri esker.

Aranzadik ikerketa garatzen duen bitartean, Udalak gai hauen inguruko hausnarketa eta elkarrizketa ahalbidetuko duten ekitaldiak eta jarduerak gauzatuko ditu. Momentuz, COVID-19arengatik, egitaraurik ez da zehaztu.

Hala ere, Udalak herritarren testigantzak, informazioa eta argazkiak Aranzadiko kideei helaraztera animatu ditu. Horretarako, 943 466 142 telefonoa eta memoria@aranzadi.eus helbide elektronikoa jarri dituzte herritarren eskura.