- Gaurtik aurrera Errenteriako Jantziaren Zentroan Kutxa Kultur Moda programako hamar diseinatzaile gipuzkoar egoiliarren lana ezagutzeko aukera izango da.

Diseinatzaile edo marka bakoi-tzak look edo osagarri propio bat jarri du ikusgai Kapitain Etxearen beheko solairuan. Hamar proposamen berritzaile, ausart eta gazte ezagutzeko aukera dago, beraz, Jantziaren Zentroan. "Moda jasangarria da, independentea eta tokikoa, estilo pertsonal eta ausartarekin, sortzaileek eskuz egina", adierazi dute Jantziaren Zentroko erakusketaren arduradunek.

Diseinu horietako batzuk propio egin dira pasa den asteburuan Donostiako San Telmo museoan egin zen Kutxa Kultur Moda desfilerako, GdM jaialdiaren barruan.

Honakoak dira erakusketan parte hartzen duten diseinatzaileak: Elixabet Perdiguero (ELI-two), Fanny Alonso, Maialen Apaolaza (Laza Clothing), Maialen Porroy (EME), Oihane Pardo (Amarenak), Sonia Cepa (Akukuna), Jon Alkain (Ural), Itxaso Segués (Natural Killer), Nahia Salaberria eta Bárbara León (Re_).

Gazte hauen lanez gozatu nahi duenak doan egin dezake azaroaren 29a arte, larunbatetan 11.00etatik 14.00etara eta 17.00etatik 20.00etara, eta igande eta jaiegunetan 12.00etatik 14.00etara.