"Aurten ezingo ditugu madalenak ospatu baina datorren urtean guztiok jaiez gozatuko dugu berriz ere, aurtengoan jarrai dezagun jarrera arduratsua erakusten, arduraz jokatuz eta elkar zainduz", adierazi dute rrenteriako Jai Batzordeko ordezkariek.

Uztailaren 21etik 25era madalenak ospatzekoak ziren, baina osasuna krisia dela eta, aurten formatu digitalean ospatuko dira. Horrela, herribizia.errenteria.eus/haubizipoza web orrialdean zabalduko den leiho baten bitartez biziko dira jaiak. Jai Batzordeak, Udalbatzako kideekin batera, egitaraua eta festen formatu berria aurkeztu zituen ostegun arratsaldean, Hau bizipoza! ekimenaren baitan.

Hala eta guztiz ere, dagoeneko, aipatutako webgunean Jai Batzordeko kideek ilusioz eta konbentzimendu handiz prestatutako bideoa dago ikusgai. Aizpea Otaegi alkateak eta Xanti eta Maialen erraldoiek grabatutakoak ere ikus daitezke.

Era berean, egun horietan zehar hainbat eragilek grabatutako saioak ere ikus ahalko dira, besteak beste. Jadanik, aurtengo programazio berezia zintzilikatu dute.

Halaber, madalenetan herriko hainbat lekutan hiru erakusketa izango direla jakinarazi zuten Jai Ba-tzordetik. Hala, Erdiguneko plaza eta kaleetan Fomento argazkilari- tza taldeak sortutako madalenetako argazki erraldoien erakusketa izango da. Gabierrota pasealekuan, aldiz, 11 etxe 11 kolore izenburupean, konfinamendu garaian herriko hiru ikastetxetako DBHko ikasleek euren etxeetan eta etxeetatik ateratako argazkien eta mikrokontakizunekin sortutako erakusketa egongo da. Azkenik, Xenpelar Etxean musika bandak prestatutako El Centenario (1920-2020) Herri baten doinu eta taupadak erakusketa zabalik egongo da.

Gogorazi zutenez, ekainaren amaieran adierazi zuten Jai Batzordeak eta Udalak madalenak bertan behera uztearen erabakia. Ez zen erabaki erraza izan, eta hala eman zuten jakitera: "Guztiok maite ditugu madalenak, baina bizi izan dugun eta oraindik bizitzen ari garen egoera aintzat hartuta, guztion osasunaren mesedetan, elkar zaintza lehenetsi behar dugu. Topaketa sozial jendetsuak saihestu behar ditugu eta honek talka egiten du madalenen helburuekin, baita ohiko jai molde eta jaien izaerarekin ere".

Aitzitik, lanean jarraitu zuten ostegunean aurkeztutako programa osatu arte. Festak, uztailaren 21ean hasiko dira 17.00etan Oarsoirriak haurren etxeetan grabatutako txupinazo txikiarekin. Ordutik, danborradak, zezen suzkoa, erraldoiak, musika, dantza eta haur ikuskizunak ez dira faltako.

Egitarau honetan, Errenteriako musika bandak protagonismo berezia izango du, aurten El Centenario piezaren 100. urteurrena bete-tzen baita. Horrela, Ainara Ortega eta Piratarekin eskainiko duten kon-tzertuarekin jaiak amaituko dira.

Bukatzeko konfinamendu garaian sortutako dinamikari jarraituz eta egun berezi hauek guztion gogora ekarriz, etxeetako balkoi zein leihoak eta erakusleihoak apain-tzeko deia egin zieten herritar zein merkatariei.

Jai giroa nagusitu dadin, Jai Batzordeak herritar eta merkatariei balkoiak, leihoak eta erakusleihoak apaintzeko eskatu diete