Hondarribiko Udalak ‘Erraldoi bizi-biziak’ izeneko haur-liburu berria aurkeztu du, Ane Zubeldia eta Irantzu Barrondo egileen eskutik sortutako kontakizun ilustratua. 0 eta 6 urte bitarteko haurrei zuzendutako lan honen helburua da Hondarribiko erraldoien tradizioa bizirik mantentzea. Bereziki, liburuak belaunaldi berriei modu ludiko eta interaktiboan helarazten die erraldoien istorioa, horrela gazteek beren imajinazioa eta sormen ahalmena garatzen baitituzte.

Ortzi Alonso Hondarribiko Kultura zinegotziak aurkezpenean adierazi zuenez, proiektua egileen ekimenez sortu zen, eta "proposamen oso erakargarria" iruditu zitzaien udal ordezkariei, are gehiago Izugarriak elkartearen 30. urteurrenarekin bat egiten duela kontuan izanda. "Gure herrian erraldoien inguruko materiala falta zen, eta oraingo liburuarekin aukera bat sortu da gazteenei hondarribiar tradizio honen berri emateko," azaldu zuen Alonsok. 

Elkarlanean sortutako lana

Liburuaren sortze-prozesuaren atzean egileek elkarlanean landutako proiektu bat dago. Barrondok adierazi zuenez, liburua sortu zuten ikusi zutelako gaur egun erraldoiek indar handia dutela eta fanatismo handia sortzen ari direla, baina Hondarribian gabezia bat zegoela. Horrela, egileek Udalari proposatu zieten liburu hau, herriko erraldoiak haurrei hurbiltzeko asmoz eta, aldi berean, herriko kultura eta historia balioan jartzeko. "Ipuina elkarlanean idatzi dugu, eta azken orrialdean, erraldoi buruzko bitxikeriak daude, Ramon Iridoy Izugarriak elkarteko kidearen laguntzari esker," azaldu zuen Barrondok.

Erraldoi bizi-biziak liburuak, gainera, izaera parte-hartzailea du. Etxeko txikienek marrazteko, euren argazkiak txertatzeko eta istorioan modu aktiboan esku hartzeko aukera dute. “Lehen orrialdeetan erraldoiak aurkezten ditugu, eta kontakizunean zehar bizia hartzen dute, errealitatearen eta fikzioaren artean jolasean. Pertsonaiek ez dute izenik, haur bakoitzak bere burua protagonista gisa irudikatu ahal izateko. Izan ere, ipuineko benetako protagonistak haurrak dira. Ez da heldurik ageri ipuinean”, azaldu du Barrondok. Egileak eskerrak eman dizkio Ramon Iridoy Izugarriak elkarteko kideari, erraldoien jatorria eta historia ezagutzeko egindako ekarpenagatik.

Erraldoiak, ondarearen parte

Bukatzeko, Alonsok gaineratu zuen liburuak modu oso egokian jasotzen duela haurtzarotik eraikitzen den iruditeria kolektiboa. "Txikitatik bakoitzak bere baitan gordetzen duen irudimena islatzen da kontakizunean. Gainera, Hondarribiko erraldoiak gure ondarearen parte dira, eta horrela jasota ikustea benetan polita da”. Horrez gain, hiriaren aniztasun soziala ezin hobe jasotzen du: “Baserritar, portuar eta kaletarren arteko errealitatea ageri da, Hondarribiaren izaera bera irudikatzen duelarik”.

Ildo beretik, Ramon Iridoy Izugarriak Elkarteko kideak egileen lana eskertu zuen, eta azpimarratu zuen liburua "altxor txiki bat" dela elkartearentzat, eta horri esker "Hondarribiatik harago ere jakingo dela existitzen garela." Elkartearen 30. urteurrenarekin bat datorren proiektu honek, gainera, herriko erraldoien jatorria eta historia azaltzen ditu, eta irakurleak gonbidatzen ditu erraldoien munduan murgiltzera.

Liburua jada salgai dago Hondarribiko Sokoa eta Artzu liburu-dendetan, baita Arma Plazan ere, 6 euroren truke.