Haurrek ipuinez gozatzen jarraituko dute Lezon


21.05.2020 | 01:25
Mikel Susperregi. Argazkia: N.G.

Lezo – Duela ia hilabete, Ipuin Kapsulak ekimena sortu zuen Lezoko udal liburutegiak, herriko haurren behar eta nahiak kontuan hartuta. Horrela, etxeko txikienek astero Lur Kortaren ipuin kontaketa saioez gozatzeko aukera izan dute eta ekimenaren arrakasta ikusirik, Lezoko udal liburutegiak Ipuin Kapsulen bigarren zikloa antolatu du, oraingoan Mikel Susperregiren eskutik.

Horrela, orain arte bezala, ostiraletan, arratsaldeko 16.00etan ipuin kapsula saio bat argitaratuko da udal liburutegiko youtubeko kanalean (https://www.youtube.com-/channel/UCuEolmmAsMYLT1yAWMg793A) zein udal webgunean (https://www.lezo.eus/eu/ipuin-kapsulak) eta saio hori astebetez egongo da bertan ikusgai kapsula berri bat argitaratu bitartean.

Bigarren zikloa bihar hasiko da eta lau ipuin kapsulez osatuta egongo da. Honela, ekitaldiak maiatzaren 22an eta 29an eta ekainaren 5ean eta 12an burutuko dira.

Ekimen honen helburua da garai berezi honetan ere, haurren entretenimendurako eduki berria sortu eta haurrek liburuez, irakurketaz eta kontaketaz gozatzen jarraitzea.