OIARTZUN - Oiartzunek bere burua hornitzeko gaitasuna du. Hori ondorioztatu da Oiartzungo Udalak herriko elikadura eta lur-ondarea aztertu ostean. Herritarren elikadura kontsumoa, eskaera eta lehenengo sektorearen egoera; gaur egun landa lurren erabilera zein den eta lur horiek elikagaiak sortzeko zein gaitasun duten behatu da. Aste honetan jendaurrean aurkeztu zen diagnostikoa.

Gislan arduratu da azterketa egiteaz eta bertako teknikariak, Julen Landak, eman zituen Oiartzungo diagnostikoaren datu nagusiak. Elikagaien kontsumoari dagokionez, azken urteetan ez da aldaketa handirik izan. Kontsumoa igo da herria handitu den heinean. Biztanleriak hazten jarraituko duela aurreikusten da, beraz, kontsumoak ere bai.

Elikagaien kontsumoan egiten den gastua, aldiz, proportzioan gehiago hazi da. 2018an, 18 milioi euro gastatu zituzten oiartzuarrek elikagaietan. "Bertako eta kalitatezko produktuei arreta handiagoa" ematen zaiela aipatu zuen horren arrazoien artean Landak.

Aldiz, lehenengo sektorearen joera justu kontrakoa izan da: herriko ekonomian duen pisua geroz eta txikiagoa da (ez da %1era heltzen) eta langile kopurua ere jaisten doa (gaur egun, lehenengo sektoreko 63 profesional daude Oiartzunen).

Baratzagintza, frutagintza eta abeltzaintzarako lurren egokitasuna neurtzea izan da diagnostikoaren helburu nagusienetako bat. Baratzagintzarako eta frutagintzarako lur egokiak edo oso egokiak azalera osoa kontuan hartuta ez dira gehiegi, eta eremu urbanoaren inguruan daude gehienak (Altzibarren, Ugaldetxon, Iturriotzen eta Arraguan). Hain zuzen ere, artifizializatzeko aukera gehien dituzten eremuak dira horiek. Abeltzaintzarako lurren egokitasuna handiagoa da.

"Oiartzunek auto-hornikuntzarako baratzagintzarako 77 hektarea, frutagintzarako 87 eta abeltzaintzarako 271,3 hektarea beharko lituzke. Soberan gainditzen du kopuru hori", azaldu zuen Landak. "Larrialdi klimatiko egoera honetan, lurraren artifizializazioa mugatzeko lurra elikadurara bideratzea oso estrategia interesgarria litzateke", erantsi zuen.

Aztertutako lurren katalogazioa labur.eus/oiartzun_lur helbidean dago herritarren eskura, baita www.oiartzun.eus-en ere. - A.M.