Beasainek merkatarien ohitura bati eutsi dio, urte amaitu aurreko tradizioa: Gabonetako erakusleihoen lehiaketako sari emate ekitaldiari. Abenduaren 30ean, ostegunean, egin zen, Beasaingo Udaletxean.

Leire Artola alkateak eta Elena Ruiz zinegotziak gidatu zuten saioa. Bertan, erakusleiho hoberenak saritzeaz gain, 2021an erretiroa hartu zuten merkatariei aitortza egin zitzaien.

Nagusi optikak lortu zuen erakusleiho hoberenaren saria. Argi optikak, aldiz, bigarren postua eskuratu zuen, eta hirugarrena Xalo arropa dendak.

Hiru sarituek garaikurra jaso zuten. Gainera, denda irabazleak, urte osorako erakusleihoa apaintzeko doako zerbitzua lortu zuen.

Amaitu berri den urtean zehar erretiroa hartu duten merkatariei oroigarri bana eman zitzaien.

Itsas-Lur arraindegiko Joxe Mari Ayestaran eta Mari Jose Acedo; Mugar elektrizitateko César Garcia, eta Aranburu zapata dendako Tere Irizar izan ziren omenduak.

Beasaigo Udalak eskerrak eman zizkien guztiei urteetan zehar eskainitako gertutasun eta lagun-tzarengatik.

Erakusleiho lehiaketan bozka eman zuten herritarren artean erosketa-txekeak zozketatu ziren. Julio Arraiza 200 euroko txekearen irabazlea izan zen, eta Irune Lecuonak eta Ainhoa Blancok 100 euroko txeke bana lortu zuten.