Lazkao | Garai bateko ogira bueltan

10.06.2021 | 00:51
Julen Irurzun ogia egiten. Argazkia: N.G.

Bihar zabalduko ditu ateak Julen Irurzunen Oreka Okindegiak, ama orea ardatz duena

Ama orea, irin garbiak (gehigarri kimikorik gabeak) eta fermentazio luzea izan behar ditu osagaitzat ogi onak, Julen Irurzunen (Irura, 1992) aburuz. Horretaz gain, eskuz egina behar du izan ezin hobea izateko. Funtsean, garai bateko ogia da Irurzunentzak onena dena, gure arbasoek egiten zutena.

Iruran jaio baino Ataunen bizi izan den gizonezko honek beti izan du oso gustuko okindegiaren mundua. Ingenieritza ikasketak eta lanetan ibili bada ere, ogiaren gintzarekiko kuriositateak eta zaletasunak bere bizitza baldintzatu dute; hainbeste, bihar bere okindegia zabalduko duela: Oreka Okindegia.

"Denboraren poderioz, ogia egiteko prozesua sinplifikatu da, denbora irabazi dugu baina kalitatea galdu dugu", azaltzen du Irurzunek. "Oreka Okindegian prozesuari duen garran-tzia eman nahi diogu, eta hori produktu ekologikoak landuz egingo dugu", gaineratzen du. Aurreko garaietan bezala, ama irina, ura eta gatza izango dira ardatz ogia, gozogintza eta pizza orea egiteko.

Produktuak erosi eta saltzeaz ez ezik, esperientzia bat ere, eskainiko du Oreka Okindegiak. Lazkaoko Lazkao Txiki plazan kokatutako dendan, posible izango da ogia nola egiten den ikustea. Gainera, prozeduraren inguruko galderak burutzea posible izango dute bezeroek, okindegiko produktuak etxean egiten jakin dezaten, besteak beste. "Bezeroei ogia nondik datorren erakutsi nahi diegu, hartzaileekin feedbacka egotea".

Irurzunek salduko dituen produktu guztiak eskuz egingo ditu, ogiaren artisaua den moduan. "Konfiantza transmititu nahi dugu egiten dugunarekin.


Proiektua

Julen Irurzunek denbora luzez pentsatu eta landutako proiektua da honakoa. 2014ean ingeniaritza lanekin batera, okina izateko ikastaroak egiten hasi zen. Euskal Herritik Madrilera alde egin zuen okindegi batean bekadun lanak burutzera. Ondoren, Mungian izan zen bertako ogi denda batean bere abilidadea garatzen. Hainbeste gustatu eta ikasi zuen lanean, bere okindegi propioa egiteko grina piztu zitzaiola. Orain, bere ametsa egia bihurtu da.

Okindegietan ohikoa ez den arren, igandeetan itxita egongo da Oreka Okindegia: "Badakigu gure bezeroek beti izango dutela ogi ona mahi gainean. Gure produktuek denbora luzez irauten dute egoera onean, osagai ekologikoak eta prozedura luzea ematen dizkiogulako".

noticias de noticiasdegipuzkoa