- Ordiziako Udalak eta Tipi Gara kooperatibak elkarlanean, Ordiziako parke sarea definitzeko parte-hartze prozesu martxan jarri dute. Honen harira, larunbatean, ekainak 12, Parkeak bizi! eguna ospatuko dute, astelehenean eskainitako prentsaurrekoan Maite Álvarez alkateordeak, eta Itsaso Larramendi Tipi Gara kooperatibako kideak azaldu zutenez.

Parkeak erdigune dituen eguna hiru espaziotan banatuta egongo da. Lehenengoa Parkez parke, ibilbide parte hartzailea izango da. Honetan, Ordiziako parke, plaza eta toki esanguratsuetan zehar ibilbide bat egingo da, herritar guztiei bideratuta dagoena. Nikolas Lekuona Plazan izango du hasiera, 10.00etan. Bigarren jarduera Altxorraren bila izango da. Pista desberdinak jarraituz, hainbat froga gainditu beharko dituzte parte-hartzaileek. 7-12 urteko haurrentzako prestatutako jolasa da, herriko txoko desberdinak araka-tzeko helburu duena. 12.00etatik 13.30era burutuko da.

Hirugarren eta azken ekintza Majori hackeatzera goaz! izango da. Majori plazan ingurua hobetzeko asmoz, elementu desberdinak eraikiko dituzte. 12 urtetik gorako gaztetxoentzako prestatutako jarduera da eta 12.00etatik 13.30era gauzatuko da.

Parte hartzeko izena eman behar da aurretik, itsaso@tipigara.com helbidean edo 656 704 801 telefonoan. Udalak ordiziarrak esku hartzera animatzen ditu "iritziak ezinbestekoak direlako".

Parte-hartze prozesuak hiru fase ditu: diagnostikoa, parke sarearen izaeraren definizioa eta parkeen diseinurako irizpideak zehaztu eta garatzea. Hiru faseek komunean dituzten bost ezaugarri dituzte: naturalizazio, jolasgarritasuna, topaleku izaera, autonomia eta ordezkagarritasuna.