KoloreKultura proiektua aurkeztu zuten jendaurrean Arteria Fabrikak, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak babesturiko proiektua. Arteriak eman zien dirulaguntza eta Andramendi Ikastolak lortu zuen bestea

Proiektuaren bitartez gizarte mailan eragin handia duen gai sozial bat landu nahi zuten, eta indarkeria sexistaren gaia lantzea erabaki zuten. "Gure lanak gizartean aurrerakuntza bat suposatzea nahi genuen, eta bien bitartean, elkarkidetza sustatzea, danok bat izatea", azaldu zuten Aiora Mella eta Nora Smaali ikasleek.

Artearen bitartez kritika sozial bat egin dute: "Matxismoaren biktima guztiei gure elkarkidetza adierazi nahi diegu sorkuntza honen bitartez. Egoera horretatik ateratzeko gure indarra bidaltzen diegu".

KoloreKultura proiektuan dantza, musika, pintura eta argazkilaritza uztartu dituzte emakumeek jasaten dituzten indarkeria egoerak salatzeko. Horretarako, lau diziplina horietako sortzaile bana aukeratu zuten proiektuan parte hartzeko.

Oihane Vicente dantzariak koreografia prestatzen lagundu zien. "Emakumeek une bortitz horietan sentit-en dutena adierazi nahi izan dugu dantza mugimenduen bitartez, koloreen bidez eta gorputzak erdigunean jarriz".

Eszenatoki ilun batean hasi ziren dantzan, eta gutxika koloreek protagonismoa hartu zuten, matxismoaren amaiera irudikatuz.

Musikak ere garrantzi handia izan zuen emanaldian. Aitor Furundarenaren laguntzarekin, une zail zein harmoniatsuez markatutako doinua osatu zuten.

Jokin Telleria margolariak proiektua irudikatzen duten bi koadro aurkeztu zituen antzokian; kontraste handiz beterikoak: "Jaiotzen diren unetik emakumeak kontrolatuta daude", azaldu zuen Telleriak. Hori irudikatu zuen koadroetan, kolore ilun eta zurien bidez. Hala ere, tunelaren amaieran itxaropena dagoela adierazi nahi izan zuen. Emakumeak libre bihurtzen diren prozesua kolore alai ugariz transmititu zuen.

Proiektua inoiz ahaztu ez dadin, Garbiñe Irizar argazkilariak ikasle parte-hartzaileekin argazki saio bat egin zuen Beasaingo Igartza Jauregian. Argazki guztiak ikusgai daude kolorekultura.arteria.eus web gunean.