- Covid-19aren eraginez zailtasun asko izan arren, Ortzadar Argazki Elkarteak Nikolas Lekuona X. Estatu Mailako Argazki Lehiaketa antolatu du hamargarren urtez jarraian. Gero eta lehiaketa gehiago digital bilakatzeak ere eragina izan du, aurreko urteekin alderatuta, parte-hartzaile kopuruaren gutxitzearekin.

Hala ere, parte-hartzeak eta jasotako lan kopuruak Ordiziako argazkilari elkartearen itxaropen guztiak gainditu ditu.

Katalogoa motz geratu zaie, eta ondorioz, luzez eztabaidatu ondoren, epaimahaikideek lanen aukeraketa egin eta saria nortzuk lortu duten erabaki dute.

Lehenengo saria Luis Martínez Aniesak jaso du, Tadzio izeneko argazkiarengatik. Era berean, Jose Miguel Romero Barcok, Báscula y Zanahorias argazkiarengatik, Herriko Saria lortu du. Hauetaz gain, beste hainbeste saritu egon dira Nikolas Lekuona X. Estatu Mailako Argazki Lehiaketan.

Atzo zabaldu zen lehiaketaren erakusketa, argazkigintza gustuko dutenek kalitatezko lanez gozatzeko aukera izan dezaten. Barrena Kultur Etxean ikusgai egongo da ekainaren 11ra arte, 9.00etatik 13.00etara, eta 16.30etik 20.00etara.

Lehiaketa Nazional honi izena ematen dionak Ordizia zuen jaioterria (1913-1937). Soilik 23 urte zituenean hil bazen ere, kalitate eta sakontasun handiko ondare artistikoa utzi zuen: olioak, marrazkiak, argazkiak eta foto-muntaiak.

Lekuonaren lanek abangoardismoa, berrikuntza eta jenialtasuna adierazten dute, hau da, baliabide ugari eta desberdinen erabilera eta esperimentazioa.

Alemaniar zinema espresionistak Lekuona txundituta zuen: objektuen testura nabarmenak eta argi ilunak, besteak beste. XX. mende hasierako mugimendu zinematografiko honek eragina izan zuen bere lanetan.

Foto-muntaiak dira bere sortzaile lanaren alde harrigarriena. Horietan agertzen da argazkilari, artista eta poeta gisa zuen talentu aparta.

Argazki gehienak 1932 eta 1935 urteen artean sortuak dira. Langile eta nekazarien mundua gerrarekin lotua, eta emakumea eta kirola dira ordiziarrak gehien jorratu zituen gaiak.