Balio Erantzia izeneko erakusketa jarri dute martxan aste honetan Ordiziako Udaberria Transloratzen ziklo berritzailearen barnean, gorputzeko lotura guztietatik ihes eginez eta norberaren izatea loratzen uzteko eta errespetatzeko helburuz abiatutakoa.

Josu Maroto urretxuar ilustratzaileak eta Ekaitz Goietxea beasaindar irakasle eta bertsolariak elkarlanean sortutako erakusketa da, eta maia-tzaren 14a bitartean, ostirala, izango da ikusgai Barrena Jauregiko erakusketa areto nagusian. Bertako lanek areto guztiko paretak jantzi dituzte, eta apenas dago leku librerik. Ateak, berriz, zabalik izango dira astelehenetik ostiralera, 09.00etatik 13.00etara, eta arratsaldetan ere bai, 16.30ean hasi eta 20.00ak arte.

Koadro edo irudi bakoitzeko hitz bat dago idatzita, 61 guztira. Ilustratzaileak egindako irudiei hi-tzak jarri dizkie beasaindarrak, elkarren artean bi arte batuz, erakusketa bakar eta orijinala osatuz.

Gorputzak eta haien bolumenak, formak, eta osaerak irudikatu ditu Marotok, edertasunaren auzia erdigunean jarriz. Goikoetxeak askotan erakutsi du baduela abilezia hi-tzekin, eta ondoen dakiena egin du erakusketa hau osatzerako orduan: irudiak interpretatu, eta hitz bana eman bakoitzari. Hala, erakusketako irudiak banaka baino, bere osotasunean aberasgarriago bihurtuz. Besteak beste, gertu, bereizi, berezi, identitate, idemtitate, itzal eta itzel hitzak irakurri daitezke.

Hitzekin jolasean, gaur egungo edertasunaren rolak zalantzan jarriz, eta gorputzak ditugun tenplu gisan onartu beharraren aldarria eginez, beste behin.

Bere horretan baino, erakusketaren balioa ondo ulertzeko eta zabaltzeko bi bisita gidatu antolatu dituzte Maroto eta Goikoetxeak. Maiatzaren 4an izango dira biak, arratsaldeko 18.00etan lehena, eta bigarrena 19.00etan. Izena ematea beharrezkoa izango da berdintasuna@ordizia.eus helbidean, edo 688 822 329 telefonoan. Orain arte egindako erakusketa guztietan izen-ematea bete egin da egun gutxian, beraz, ez dago zertan azken unerako utzi beharrik plaza eskuratzeko eta erakusketaz beste modu batean goza-tzeko aukera izateko. "Ederra izango da", aurreratu du irakasle beasaindarrak haren sare sozialetan.

Ez da, baina, gorputzari lotutako ekintza bakarra izango erakusketa. Ziklo honen barnean, esaterako, datorren asteazkenean, maiatzaren 5ean, Transformatzen dokumentala eskainiko da Herri Antzokian, arratsaldeko 18.00etan. Bertan izango da Goikoetxea, dokumentalaren sortzaileetako bat, Bea Sever, Naizen elkarteko bozeramailearekin ikus-entzunezkoaren ondorengo solasaldian, eta familia batek ere parte hartuko du, haren testigantza azalduz. Gonbidapenak doakoak dira eta Herri Antzokian hartu behar dira.