- Sare soziala aukeratu ditu Gorka Hermosa konpositore eta akordeoilari urretxuarrak bere bederatzigarren diskoa aurkezteko. Bere lan berria 19.00etan Instagramen aurkeztuko du gaur eta 20.00etan Facebooken. Ostiralean aurrez aurreko aurkezpena egin zuen, Kantabriako Unibertsitatean.

Bederatzigarren disko honen izenburua Fragilissimo da eta bertan mundu guztian gehien interpreta-tzen diren bere konposizioak bildu ditu, bertsiorik intimistenean, konposatu zireneko esentziaren bila.

Diskoan oso lan ezberdinak aurkitu ditzakegu: espresionistak (Gernika), garaikideak (Fragilissimo), minimalistak (Alabei, Northern Lights), neotonalak (Goya: capricho 43, Oda, Pater Noster) eta sustrai herrikoiak dituztenak (Paco, Anantango, Saudade Ártica). Diskoko azken kanta Astor Piazzolla musikagilearen 100. urteurrenean konposatutako Libertango da. Izan ere, konpositor argentinarrak berebiziko garrantzia izan du Hermosaren ibilbidean.

Disko hau bakarka grabatzea erabaki du, bere lanak gehienetan akordeoiarekin bakarrik interpretatzen dituztelako. Hala, mundu osoko ikasle eta maisuek Urretxuko konpositorearen jatorrizko bertsioa eskuragarri izango dute. Hori da bere aurreko diskoekin alderatuta dagoen ezberdintasun nagusia. Izan ere, Hermosa maila handiko musikariez inguratu izan da beti bere diskoetan. Oraingoan, berriz, bakarrik aurre egin dio diskoaren grabazioari.

Diskoaren izenburuari dagokionez, Fragilissimo Hermosa mundu osoko akordeoilarien artean ezagun egin zuen konposizioa da. 2000. urtean konposatu eta Granadako musika eta dantza jaialdian estreinatua zuen. Urte hartan bertan TVErentzat grabatu zuen, baina lana ahanzturan erori zen ordura arte ezezaguna zen Zeelanda Berriko akordeoi-jotzaile batek (Grayson Masefield) Hermosari idatzi zion arte. Partitura eskatu zion eta urte hartan bertan munduko bost lehiaketa garran-tzitsuenetatik lau irabazi zituen Fragilissimo obrarekin.

Lanak akordeoi munduan oihar-tzun handia izan zuen, bere modernitate eta birtuosismoagatik. Ordutik, instrumentu honen errepertorioan erreferentzia bihurtu da. Ordura arte, Estatu mailan baino ez zen ezagutzen Hermosaren musika. Ordutik hona, berriz, mundu osoan zehar kontzertuak eta eskolak eman ditu eta akordeoilari onenen beraientzako obrak konposatzeko eskatu diote.