- Beasaingo Udala hainbat neurri hartzen ari da azken aste eta hilabeteetan udalerriko trafikoari dagokionez. Azken berrikuntza Mendeurren eta Trenbide kaleen arteko gunean izan da. Bertan dagoen bidegurutzean tamaina handiko ibilgailuek biratzeko zailtasuna atzemanda zegoen eta horregatik, Trenbide kaleko ibilgailuentzako aparkaleku batzuen noranzkoa aldatu da, zeharka izatetik lineara aldatuz.

Beasaingo Udaltzaingoak kartelak jarri ditu aldaketa eman den aparkalekuetan gidariak ohartarazteko asmoarekin. Beraz, aipatutako aparkalekuetan linean aparkatzera derrigortuko da, eta hemendik aurrera ezingo da zeharka aparkatu. “Helburua, ibilgailu luzeek Trenbide kalera sartzeko biratzean espazio gehiago izatea da”, gaineratu dute.

Azken berrikuntza hauei batu behar zaie Nafarroa Etorbideko aparkalekuan irteera bi noranzkotan ahalbidetzea.