- Irudi berritua du Ordiziako Azokak iazko azarotik. Aurkezpenarekin batera, lehen zozketekin hasi ziren orduan, nolabait, herritarrak bertan erostera bultzatzeko asmoz, pizgarri berri bat abiatuz. Azokako produktuez betetako hainbat lote eta orgak banatu zituzten irabazleen artean, eta orain ere berriz ekingo diote horren eran-tzun ona izan duten zozketa hauei.

Bihar hasi eta ekainera bitartera arte luzatuko da ekimena. Zozketa bi astean behin egingo da eta 2 produktu lote eta 4 erosketa orga zozketatuko dira aldiro. Erosketak egiten dituztenek txartel bat jasoko dute, eta azokako hainbat puntutan jarriko dira ontziak txartelak bertan utzi ahal izateko. Ondoren, dagokionean zozketa egingo da eta irabazleekin harremanetan jarriko dira.

Horrez gain, beste berrikuntza bat ere izango da. Plaza Nagusiaren barnean, ekoizleen produktuak dauden bezala, azokaren inguruko informazioa eskainiko duten karpa bat egokituko da eta azoka martxan dagoen bitartean, azokako poltsa berriak eta erosketa orgak erosteko aukera emango da, erosleak plastikozko poltsak ordezkatzen joan daitezen.

Ekimen honen baitan, garaiko produktuen sustapenarekin lotutako edukiak jarriko dira erosleen eskura. Hala nola, errezetak, kontserbaziorako irizpideak eta bitxikeriak eskuragarri izango dituzte. Egoerak baimentzen duen heinean, Ordiziako merkatari, ostalari eta kontsumitzaileak protagonista izango dituzten beste hainbat ekimen garatzea da helburua, herrian erosi eta kontsumitzeko.

Adur Ezenarro, Ordiziako alkateak, azokan erosteko deia egiten du: “Ordiziako gure azoka dugun altxor handienetako bat da. Bertako kalitatezko produktuak erosteko aukera eskaintzen da bertan. Orain inoiz baino gehiago egin behar dugu gurearen aldeko apustua”.