- COVID-19aren eraginez pairatzen ari diren egoerari aurre egiteko asmoz, Segurako Udalak 25.000 euroko diru-laguntza partida berri bat onartu du. Diru poltsa hori herriko jarduera ekonomikoak pandemiari aurre egiteko beharrezko inbertsioak egin, ekipamenduak jarri eta inbertsio horiek bideratzeko ikerketak egin dituztenentzako. Udalbatzak aho batez onartu du tokiko jarduera sustatu nahiz suspertzea helburu duen laguntza, bide batez, aktibitate ekonomikoen enplegua eta lehiakortasuna mantentzeko helburua ere izanik.

Segurak ez zituen San Joanak ohiko moduan ospatu 2020 urtean, eta horregatik, jai eta kultur ekitaldietako partidetan zegoen dirua bideratu egin dute behar honi erantzuna emateko.

Edozein pertsona juridiko, langile autonomo edo enpresaburu indibidual izan daiteke onuradun, udalerrian jarduera ekonomiko baten titularrak badira, bertan garatzen badute aktibitatea eta 10 langile baino gutxiago badituzte.

Dirulaguntza bi arrazoiengatik jasotzeko aukera izango dute: pandemiari aurre egiteko inbertsioak egiteagatik edo fakturazioa %20 edo gehiago jaitsi bazaie. Gehienez ere, baina, 2.000 eurokoa izango da bakoitzak jasoko duen laguntza.

Eskaerak egiteko epea otsailaren 15ean amaituko da, eta horretarako udaletxera jo beharko da, beharrezko dokumentazio guztiarekin. Segurako Udalaren webgunean daude oinarriak.