- Ordiziako Udalak, herritarrak osasuntsu mantentzeko xedez, Zuhaizti zentroarekin eta Majori Kiroldegiarekin elkarlanean 2021erako osatu duten programa aurkeztu dute. “Egitarau osoa da eskainiko duguna”, azaldu du Raquel Bravo, Zuhaiztiko juntako zuzendariak.

COVID garaian ere, aktibatu zaitez! egitasmoaren barruan, ordiziar heldu eta adineko guztiek (batez ere erretiratu eta pentsiodunek) parte har-tzeko programa da, eta hala bideratu zaie guztiei gonbita. Egitarauak etxez etxe banatuko dira, bihar hasita. Izena emateko aukera ostiralera arte da, udaletxean, Zuhaiztin eta Majorin.

Hainbat bloketan banatu dituzte eskaintzak: Jarduera fisikoak eta kulturalak, Informatika eta komunikazioa, eta Osasuna eta ongizatea.

Lehen zatian honako ikastaroak eskainiko dira: Adimena lantzen, Euskara Eskola, Jarduera Fisiko Lasaia, Pilates eta Aktibatu Zaitez, Mugi!. Azken bi tailerrak Majori Kiroldegian emango dira eta izen- ematea ere bertan egin beharko da.

Informatika eta komunikazioari dagokionez, pandemian bizi izan den konfinamendu egoeraren aurrean, argi geratu da sare sozialek garrantzi handia dutela. Ikastaro hauetan harreman birtualak nola izan ditzakegun jakiteko eta talde-jarduerak modu birtualean ere mantentzeko tresnak erakutsiko dira. Hala, sare sozial, bideo, Whatsapp eta Facebooken sakonduko da.

“Guretzako ezinbestekoa da adineko pertsonei zuzendutako ekin-tzak antolatzea. Gure adinekoak osasuntsu mantentzeko, bai fisikoki eta baita psikologikoki ere”, azaldu du Ainhoa Jimenez, zinegotziak.

Azken atalean, bestalde, La Caixa banku-fundazioaren eta Ordiziako Udalaren arteko hitzarmenari esker, beste lau ekintza antolatu dira. Topaketak eta tailerrak egingo dira, ahalduntzeko estrategiak eta tresnak partekatuko dira taldean, norberaren bizi-esperientziatik abiatuta eta bizitza pertsonaleko proiektu atsegingarri eta motibatzaile bat sustatuta. Solasaldi bidez, elkarrekin esperientziak banatuko dituzte.